Iban Illarramendi zarauztarrak irabazi du Emakumeen Nazioarteko Eguneko XVII. Kartel Lehiaketa. Horrela, ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko honek bigarren aldiz irabazi du, 2019an ere irabazi ondoren, eta sariaren 600 euroak eskuratu ditu.
Illarramendik nabarmendu du “buruan ideia argi bat” zuelako aurkeztu zela. ‘Elkarlanean’ izeneko bere lanak “berdintasuna lortzeko guztion beharra” nabarmentzen du. Diseinatzailearentzat, “garrantzitsua zen haur bat agertzea, belaunaldi berriek eta hezkuntzak berdintasunaren helburua lortzeko duten garrantziagatik”.
Bestalde, Luana Gabriela Gonzalezek irabazi du publikoaren saria, 200 €-koa. “Aliatuak” izeneko proposamena izan da bozkatuena Berdintasun Saileko sare sozialen bidez. Era berean, ez da lehen aldia diseinatzaile hau kartel lehiaketa honetan saritua izan dela, 2018ko edizioan ere publikoaren saria eraman baitzuen. Gonzalezek emakume taldea irudikatu du bere obraren elementu nagusi gisa, eta talde-lana berdintasuna lortzeko giltzarri gisa adierazi du.
Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquezek (PSE-EE) nabarmendu duenez, “gustatu zaigu bi lan horietako gai nagusia lankidetzari eta talde-lanari buruzkoa izatea, berdintasuna lortzeko elementu garrantzitsu gisa. Gure ustez, elkarrekin lan egitea da gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna behingoz lortzeko bidea”.
Epaimahaia Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak, Ana Centeno Emakumeen* Etxeko Berdintasun Kontseiluko kideak, Myriam Gonzalez de Txabarri Zarauzko Udaleko erakusketa arduradunak eta Mar Arregi diseinu grafikoan adituak osatu dute.
Kartel lehiaketarako jasotako proposamen guztiak martxoaren amaierara arte ikusgai izango dira Berdintasun sailak Emakumeen* Etxean antolatutako erakusketan.