KONTSUMO JASANGARRIA ETA BERTAKO PRODUKTUAK ARDATZ DITUEN KANPAINA JARRI DU MARTXAN INGURUMEN SAILAK

2024/11/15

Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak “Bertatik bertara eta garaian garaikoa” kanpaina jarri du martxan. Kanpainaren helburuak kontsumo jasangarriko ohiturak sustatzea eta bertako ekoizleak babestea dira. Lehen sektorea, eta bereziki ekoizpen ekologikoa, funtsezko elementua da jasangarritasuna bultzatzeko.

“Kanpaina hau 4 fasetan banatuko da, urteko urtaro bakoitzeko bat. Dagoeneko ikus ditzakezue udazkeneko kanpainari dagozkion panelak. Guztira, 5 panel jarri dira udalerriko hainbat kokapenetan, sasoiko 5 produkturen argazkiekin, kanpainaren leloarekin eta sustatu nahi ditugun kontzeptuekin: osasungarria, jasangarria eta tokiko ekoizpenarekin konprometitua”, adierazi du Gloria Vazquez zinegotziak (PSE-EE). “Gainera, fase bakoitzean, udalerriko nekazaritza-ustiategietan egindako bideo bat ikusi ahal izango da GUKA Telebistan, eta beste batzuk laburragoak izango dira sare sozialetan. Horrez gain, Zarauzko pertsona bati elkarrizketa egingo zaio kanpainako eduki bakoitzari lotuta”.

Ingurumen zinegotzi Inaxio Illarramendik (PSE-EE) nabarmendu duenez, “udazkenari dagokion fasea abian da Osasunaren gaiarekin, eta horretarako Felix Zubia mediku zarauztarra izan dugu gurekin. Elkarrizketan, denboraldiko eta tokiko produktuen kontsumoak gure osasunean duen garrantziaz hitz egingo digu. Gainera, Ametsolako Julen Zulaika ekoizpen ekologikoan aritzen den bertako ekoizle baten ustiategian grabatutako bideo bat kaleratuko dugu”.

Hurrengo kanpainetan, gastronomia, erosleak eta jasangarritasuna bezalako gaiak jorratuko dira. Herritarrak sasoiko eta tokiko produktuak kontsumitzera animatzen ditugu.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude