MUGIKORTASUNEKO, TURISMOKO ETA LURRALDE ANTOLAKETAKO DIPUTATU AZAHARA DOMÍNGUEZEK BERRETSI EGIN DU BERE DEPARTAMENTUAK GIPUZKOAN INTERMODALITATEAN JAUZI KUALITATIBOA EMATEKO HARTUTAKO KONPROMISOA

2024/11/15

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek bere departamentuak Gipuzkoako garraio publikoaren intermodalitatea hobetzeko hartu duen konpromisoa berretsi du. Zarauzko alkate Xabier Txurrukarekin izandako bilera batean egin ditu adierazpenok, eta, bertan, herriko autobus-geltokia izango denaren proiektuari heldu dio. Azpiegitura hori funtsezkoa izango da Zarauzko mugikortasunean, baita eskualde osokoan ere. Izan ere, erabiltzaileek autobusen zain egoteko espazio egokiagoa eta erosoagoa izateaz gain, intermodalitatea erraztuko du, Euskotrenekin zuzenean konektatzen baita, ETSren San Pelaioko geltokiarekin lotura zuzena aurreikusten baita.

Diputatuak konpromisoa hartu du Zarautz geraleku estrategiko gisa mantentzeko ibilbide luzeko lineetan, eta bi erakundeek Eusko Jaurlaritzarekin batera berriro biltzeko deia egin dute, erakunde publiko bakoitzak azpiegitura horretan hartuko duen konpromiso-maila zehazteko.

“Gipuzkoan une historiko batean gaude garraio publikoaren erabilerari dagokionez, eta horrek erantzukizun handienarekin jokatzera behartzen gaitu, baina baita etorkizuneko mugikortasuna diseinatzeko anbizio guztiarekin ere. Estazio intermodal hau garrantzi handiko azpiegitura izango da, ez bakarrik Zarautzen, baita eskualde osoan ere, eta nahi dugun mugikortasun-ereduari primeran egokitzen zaio, herritarren beharretara egokitzen den eta operadore desberdinen arteko transbordoa errazten duen mugikortasuna. Ezin dugu ahaztu Gipuzkoan MUGI bezalako sistema aitzindaria eta erreferentziazkoa dugula, eta azpiegitura mota horiek bultzada handia ematen diotela sistema honi”, adierazi du Azahara Domínguezek.

Bestalde, Xabier Txurruka alkateak eskerrak eman dizkio foru diputatuari Zarauzko autobus geltoki berriaren proiektuaren zehaztapenean aurrera egiteko erakutsi duen interesagatik eta harrera onagatik. “Behin hirigintza-izapide guztiak onartu direla, Iñurritzako Euskotreneko geraleku berriaren ondoan kokatuko den autobus geltokiaren proiektuaren gauzatze-faseari ekiteko unea iritsi da. Gure ustez, proiektuaren kokapena estrategikoa da Zarautzen eta eskualdean mugikortasun intermodala eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko”, adierazi du alkateak.

Autobus geltoki berria gaur egun Udalaren Obra Brigadaren pabiloia dagoen lurzatian eraikiko da eta, horretarako, aurretik Brigadaren pabiloi berria Abendaño industria gunera lekualdatuko da. Udalak aurreikusita duen planaren baitan, lurpean aparkaleku publikoak, autobus-geltoki estalia, zerbitzuak eta kafetegia kokatuko dira, bai eta 60 etxebizitza goiko solairuetan, horietatik 20 babestuak, prezio tasatuan”.

Lankidetza turismoaren arloan

Era berean, Azahara Domínguez diputatuak, alkatearekin batera, herriko turismo bulegoa, kale Nagusian dagoena, eta udalerria egiten ari den turismo estrategia ezagutzeko aukera izan du.

Alde horretatik, bi erakundeek arlo horretan lankidetzan jarraitzea adostu dute, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren deszentralizazio- eta deslokalizazio-estrategian urratsak ematen jarraitzeko.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude