OSTIRAL HONETAN HASIKO DIRA ERAZTUN BERDE URDINEKO BISITA GIDATUAK

2024/07/03

Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak Eraztun Berde Urdineko bisita gidatuei ekingo die berriro. Bisita hauek herritarrei udan eta Aste Santuan eskaintzen zaizkie, baita ikastetxeei ere ikasturtean zehar, Eraztun Berde Urdinaren balio naturalak ezagutarazteko. Ikastetxeen kasuan, amaitu berri den ikasturte honetan, Zarauzko 517 ikaslek parte hartu dute bisita hauetan.

“2018an hasi ginen irteera gidatu hauekin, eta esan dezaket programa urteetan zehar sendotu dela eta proiektua bera indartzen duela. Iazko udan, 140 pertsonak hartu zuten parte, eta horietatik gehienak Euskadikoak eta Zarauzkoak dira. Beraz, Zarauzko herritarrek naturarekiko duten interesa eta natura zaintzeko duten kezka nabarmendu nahi dut”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Horiek dira, hain zuzen ere, gure helburuak bisita gidatu hauek antolatzean: Eraztun Berde Urdinean dauden ekosistemen ingurumen-balioa ezagutaraztea, natura zaintzea helburu duen azpiegitura berdea, eta herritarrak ingurumen-balio horien inguruan sentsibilizatzea”.

Bisita gidatuak 3 ibilbidetan egingo dira: Arkamurkakoa, Hezeguneetakoa eta Iñurritzakoa. Lehenengo biak ostiral arratsaldeetan eskaintzen dira udan, txandaka, eta Iñurritzakoa larunbat goizetan bi astean behin, uztailean, abuztuan eta irailaren 6an amaituz.

Irteerak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira beti, eta, horretarako, bi talde antolatuko dira irteera bakoitzean.
Uda honetako lehen irteera ostiral honetan, uztailaren 5ean, izango da, Arkamurkako ibilbidean, 17:00etan Aldapetako igogailutik eta uztailaren 6an Iñurritzako ibilbidean, 10:00etan Borghettotik abiatuta. Bestalde, hezeguneetarako lehen irteera uztailaren 12an izango da, 17:00etan, eta suhiltzaileen biribilguneko autobus-geltokitik aterako da. Ordutegi eta abiapuntu horiek udan zehar mantenduko dira.

Bisita gidatuetan naturgune horien ezaugarriak erakutsiko dira, hala nola eremu bakoitzeko habitatak, fauna, flora, hidrogeologia, paisaia, klima-aldaketan duten eragina, espazioaren kudeaketa, babes-figurak, kudeaketa-planak, orain arte egindako berreskuratze-lanak, hemendik aurrera egingo direnak, etab.

Gehieneko aforoa 20 pertsonakoa izango da. Edukiera mugatua izango denez, interesdunek aldez aurretik izena eman beharko dute (telefonoz, aurrez aurre edo e-mailez) Zarauzko Turismo Bulegoan. Irteera bakoitzean, inguruko ekosistemekin lotutako dokumentazio espezifikoa eskainiko da.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude