2024/07/29
Zarauzko Eraztun Berde Urdinaren helburu nagusia naturaren kontserbazioa eta zaintza izanik, herritarrek naturaz gozatzeko egitura berdea ere bada, paseatzeko, kirola egiteko… Sentsibilizazio jarduerak ere egiten dira herritarrekin gure herriko altxor naturalak ezagutu eta zaintzeko. “Eraztun Berde Urdina denontzako proiektua izatea nahi dugu, eta irisgarritasunaren ildotik, elementu hau ahalik eta irisgarriena izatea nahi dugu”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.
“Horretarako proiektuaren irisgarritasuna aztertzen hasi ginen. Hasiera batean, Asebier (Euskadiko Gaixotasun Arraroen Elkartea) elkartearekin bisita gidatu bat antolatu genuen biotopora. Ondoren, kontaktuan jarri ginen Begisare elkartearekin (ikusmen murriztua duten pertsonen elkartea) eta Zarauzko Udaleko Dibertsitate Funtzionaleko Mahaiarekin ere bildu gara. Hauek ere hainbat behar luzatu zizkiguten”.
Proiektuak bi ardatz nagusi dauzka. Alde batetik, espazioa, bere baitan, irisgarriagoa izatea eta, bestetik, Eraztun Berde Urdinaren inguruan dauzkagun informazioa eta euskarriak ere irisgarriak izatea. Bi betebehar hauek gogoan edukita, bigarrenarekin lanean jarri da Udala.
“Honela, lanketa honen lehen fasearen baitan, Eraztun Berde Urdina ezagutarazteko esku-orria irisgarria egin dugu. Bi esku-orri berri egin ditugu eta plano haptikoa”, gehitu du Vazquezek. “Esku-orri baten testua moldatu dugu, irakurketa erraza aplikatuz bereziki, desgaitasun kognitiboa daukaten pertsonentzat, eta bestean, braille hizkuntza gehitu da. Honez gain, plano haptikoa ere prestatu dugu, ibilbide osoa erliebean jarriz ikusmen murriztua duten pertsonentzat. Hiru euskarri berri hauek herritarren eskura egongo dira Turismo Bulegoan”.
Bitartean, APP berri bat lantzen ari da, Biotopoko eta Vista Alegreko parkeko eremuetako informazioa euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, zeinu hizkuntzan zein audio bitartez eskuratu ahal izateko.
“Bigarren fase batean, espazio fisikoa irisgarriagoa izatea nahiko genuke eta helburu horrekin egin genuen jada Vista Alegre parkeko errekuperazioa 2019an, Diputazioaren laguntzarekin. Baina, Eraztun Berde Urdinaren alde batzuk ezin dira irisgarriak izan espazio erliebearen ezaugarriak direla eta, hala nola, Mutxioko igoera Santa Barbaraino, edo Zingira basoan zehar doan bidea. Baina Biotopoa ere aztertu dugu eta hainbat neurri hartuko ditugu bertako ibilbidea hobetzeko, irisgarritasun irizpideak ardatz hartuta”, amaitu du Ingurumen zinegotziak.