2022/12/15
Zarauzko Udalak Gesoerrekako basoaren ondoan dagoen 8.863 m2-ko lursail bat erosi du. Lurzati hau baso horrekin muga egiten duen belardi bat da, eta horrek inguruan artelatza lehengoratzeko lanak erraztuko ditu. Lurzatia erosteko prezioa 15.867,83 eurokoa izan da.
Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotzia pozik agertu da lursailaren erosketarekin: “Zingira basoan eta Gesoerrekan pinuak eta espezie inbaditzaileak kentzeko lanak egin behar izan ditugun bitartean, belardi honetan landaretzarik ez dagoenez, egin behar dugun inbertsio bakarra landaketak egitea da, Natura 2000 Sarearen barruan babestuta dagoen Garate-Santa Barbarako eremuaren barruan artelatz azalera handitu ahal izateko”
“Gogorarazi nahi dut 2016ean erositako Zingira basoan lan garrantzitsuak egin behar izan genituela, pinu ugari kenduz, besteak beste. Emaitza 1.000 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatzea izan zen, baita putzu bat berreskuratzea ere, eta horri Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia sailaren eskutik sortu berri den beste bat gehitu behar diogu. Gesoerrekan ere, 2017an eta 2019an, hurrenez hurren, 84.138 eurorengatik eskuratu genituen elkarren ondoan dauden 2 lursailez osatua, pinuak eta espezie inbaditzaile batzuk kentzeko lanak, 500 zuhaitz eta zuhaixka landatzeko lanak eta basoa abereen ekintzatik babesteko itxitura bat jartzeko lanak egiten ari gara. Lan horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren dirulaguntzari esker egiten ari gara”.
Bi lursailak elkarren ondoan daudenez, itxitura berriak erosi berri den belardia ere hartuko du. Hurrengo helburua lursail horiek Eraztun Berde Urdinean sartzea izango da, honek hazten jarrai dezan.
Erosketa berri honekin, guztira, Ingurumen Sailak Garate – Santa Barbarako eremu babestuaren barruan 4 lursailen erosketa sustatu du, 98.884 m2-ko azalerarekin eta 186.425 euroko inbertsioarekin, guztira 1.500 zuhaitz eta zuhaixka landatuz artelatz-basoa birsortzeko. Garate – Santa Barbarak Kantauri isurialdeko artelatz masarik garrantzitsuena osatzen du. Eremu horretan baso mota hori nagusi zen duela urteak, egungoaren oso bestelako egoera klimatikoa zuen eta gaur egunera arte mantendu da. Hori dela eta, baso erreliktiko gisa definitzen da eta Natura 2000 Sarearen barruan babestuta dago.
“Udal-administrazio gisa, giza ekintzak baso horiei eragindako kaltea lehengoratzeko erantzukizuna dugu. Baso horiek moztu eta pinudiekin ordezkatu ziren, batez ere, etekin ekonomikoa lortzeko. Lan horiek egin ahal izateko, ezinbestekoa da inbertitzea, lehenik eta behin lurrak eskuratzeko eta udalaren jabetzakoak izateko eta, horrela, esku hartu ahal izateko”, gehitu du Vazquezek. “Artelatzak astiro hazten direnez, urte batzuk beharko ditugu lehen pinuak edo larreak zeuden artelatz baso eder bat ikusteko, baina jarduera hori guztiz ezinbestekoa da biodibertsitatea babesteko eta, horrekin batera, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko, zuhaitz autoktonoak handitzen baitira”.