EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNEKO EGITARAUA AURKEZTU DU PAREKIDETASUN DEPARTAMENTUAK

2022/02/23

Gaur goizean Emakumeen* Etxean egindako prentsaurrekoan Zarauzko udaleko Parekidetasun departamentuak datorren martxoaren 8ko Nazioarteko Emakumeen Egunaren baitan prestatutako egitaraua aurkeztu du.

Martxan jarriko diren proiektu nagusien artean ‘Matazak indarkeria sexistaren aurka’ egitasmoa daukagu. Astigarragan hasi zen proiektu honen baitan, herriko emakume talde bat Emakumeen* Etxeko lokaletan kolore moreko 8ak ehuntzen ibili dira eta beste herrietan egindakoekin batera bufanda luze baten parte izango dira. Proiektu honek emakumeen artean sortzen diren ahizpatasun sareen, partaidetzaren eta elkarlanaren adibide garbia da. Martxoaren 7an, 10:30etik 12:30ra Emakumeen* Etxearen parean dagoen plazan denak batera bilduko dira ehuntzera eta proiektu honi bere ekarpena egin edo ehuntzen ikastera etorri dezake nahi duenak.

Emakumeen Nazioarteko Eguneko egitaraua, era presentzialean ez ezik, sare sozialen mundura ere zabalduko da, eta horretarako #M8ZarautzMorez500Baietz egitasmoa ere aurkeztu da gaur. “Gazteak berdintasunera erakarri nahi ditugu eta, horretarako, beraiek erabiltzen dituzten sare sozialetara gerturatu behar gara” adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. “Aurtengo martxoaren 8rako TIK TOKen erronka bat proposatu dugu. #M8ZarautzMorez500Baietz traolaren bitartez, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, berdintasunaren inguruan eta kolore morearekin zerikusia daukaten 500 bideo biltzera lortu nahi dugu. Herriko gazteak gonbidatu nahi ditugu, traola hori erabiliz, berdintasunarekin erlazionaturiko euren TIK TOK-ak igotzera sare sozial honetara martxoaren 8an”.

Aurreko urteetan bezala, Hezkidetza Foroak paper garrantzitsua jokatuko du berdintasunaren lanketan. Egitasmo honetan, gure inguruko eskoletan berdintasunaren inguruko lanak lantzen dituzte urtean zehar Udalaren eta beste eragileen laguntzarekin eta, Nazioarteko Emakumeen Egunean, landutako guztiaren aldarrikapena egingo dute.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan osaturiko egitarau osoa:

•    Martxoak 1-8: Emakumeen Nazioarteko Eguneko musukoak eta banderolak banatuko dira Emakumeen* Etxean.
•    Martxoak 7 (10:30-12:30): Indarkeria Matxistaren aurkako matazak ehuntzeko aukera Emakumeen* Etxe parean.
•    Martxoak 8 (20:00 Modelo Aretoa): Mike Mills zuzendariaren “Mujeres del siglo XX” pelikula.
•    Martxoak 11 (20:00 Modelo Aretoa): Zutani Teatroaren “Bete Ingoiau” antzezlana.
•    Martxoak 12: San Telmo Museoko “Baginen bagara” erakusketara irtenaldia. Martxoaren 9a bitartean izen ematea zabalik Emakumeen* Etxean.
•    Martxoak 17 (19:00 Emakumeen* Etxea): “Otsandreak korrika” kontaketa. Izena eman beharra dago.

Honez gain, gogoratu, Emakumeen Nazioarteko Eguneko kartelak ikusgai daudela oraindik Emakumeen* Etxean.

DESKARGATZEKO

M8 – Egitaraua (JPG 2,8MB)#M8ZarautzMorez500Baietz (PNG 367k)

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude