2022/02/24
Zarauzko Udaltzaingoak azken urteetan kanpaina bat jarri du martxan herriko bizikleteroetatik abandonaturik dauden bizikletak kendu eta honela leku gehiago izan dezaten herritarrek euren bizikletak aparkatzeko.
Orain, jasotako bizikleta horiei bigarren bizitza bat emateko asmoarekin, Zarauzko Udalak 2019 eta 2020 urteetan jasotako 328 bizikleta eman dizkio Ayuda Contenedores Fundazioari.
Fundazio honek, bere Iruñako egoitzan, jasotako bizikleta hauek, ahal den heinean, konpondu eta hirugarren munduko herrialdetara eramango dituzte, bertan behar gehien duten pertsonen mugikortasun arazoei erantzuteko.
Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, Ayuda Contenedores Fundazioarekin sinatutako akordioari esker, “bizikleta abandonatu horiek bigarren bizitza bat izan ahal izango dute, oraingoan, mugikortasun irtenbide bat emanez gehien behar dutenei”. Basurkok eskerrak eman nahi izan dizkie Oteitza Lizeo Politeknikoko Lanbide Heziketako Erdi Mailako Instalazio Elektriko eta Automatikoen taldeko ikasleei, boluntarioak izan baitziren bizikletak kamioian kargatzen laguntzeko.
Bestalde, Patxi Elola (PSE-EE) Lankidetzarako zinegotziak eskerrak eman dizkio Bangassou Fundazioari, bere laguntza “oso lagungarria izan baita akordio hau gauzatzeko. Bizikleta hauek orain, munduko zonalde behartsuenetako jendearen egunerokoa hobetzen lagunduko dute”.