250 IKASLE INGURUK PARTE HARTU DUTE AURTENGO HONDARTZAKO GARBIKETAREN EKIMENEAN

Gaur amaitu da Zarauzko ikastetxeek parte hartu duten hondartzako garbiketaren ekimena. Maiatza eta ekaina bitartean, 250 haur inguruk parte hartu dute boluntariotza proiektu honetan.

Zarauzko ikastetxeekin elkarlanean antolatu da ekimen hau eta Eskolako Agenda 2030 barnean kokaturik dago. Hasiera batean, proiektu hau joan den urtean egiteko antolatu zen baina, pandemiaren ondorioz, aurten gauzatu da.

“Ekimen honen helburua hondartza garbi mantentzearen denon ardura dela jakinaraztea da” adierazi du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak. “Hondartzan utzitako hondakinak zuzenean itsasora doaz eta oso kaltegarriak dira bertako biodibertsitatearentzat”.

“Orain, uda garaian, egun guztian zehar hondartza jendez beteta egoten da eta zikinkeria pilatzen da bertan. Hondartzako erabiltzaileei eskatu nahi diet ekarritako guztia berriz eramateko eta kanpoaldean dagokion edukiontzietan botatzeko” gehitu du zinegotziak. “Eskerrak eman nahi dizkiegu ikasle zein irakasleei sentsibilizazio kanpaina honetan erakutsi duten inplikazioagatik. Eredugarriak izaten ari dira ikasleak herritar guztiei mezu hau zabalduz: hondartzak garbi mantendu nahi ditugu, itsaso eta ozeanoak garbi eta bizirik egoteko”

Ikastetxeek parte hartu duten ekimen hau zuzentzearen ardura Surfrider erakunderena izan da. Xavier Curto, Surfrider-eko ordezkariak azaldu duen moduan “Ingurumen boluntariotza hau Ocean Iniciatives ekimenaren barnean kokatzen da. Europa mailan, ekintza hauek duela 25 urte hasi ziren egiten eta aurten 40.000 pertsona inguruk parte hartu dute”.

“Hondartzaren garbiketa bezain garrantzitsuak dira guretzat garbiketatik atera ditzakegun datuak. Aurkitzen diren hondakin motaren arabera jakin dezakegu zein motatako ohiturak eta joerak dauzkaten bertako herritarrek” gehitu du Curtok. “Zarautzen egin diren garbiketetan jaso diren datuak Europako Ingurumen Agentziara bidaliko dira”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude