2023/12/01
Azaroko ohiko udalbatzarrean 2024. urterako Zarauzko Udalaren aurrekontuei hasierako onespena eman zitzaien. Proposamenak, Udal Gobernua osatzen duten EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen babesa izan zuen eta EH Bilduren kontrako bozka. Iker Basurko (EAJ-PNV) Ogasun eta Finantza zinegotziak adierazi duenez, “aurkezten ditugun aurrekontu hauek aurreko urteetan izan ditugunen ildo beretik doaz eta 2015etik egiten ari garen lanari jarraipena ematen diote”.
Honela, datorren urterako 52.012.660,26 euroko aurrekontua izango du Udalak, joan den urtekoa baino % 5,46 handiagoa. “COVIDaren ondorio sozial eta ekonomikoak atzean geratzen ari diren arren, munduan zehar gertatzen ari diren gatazkek, eragina izan dute ekonomian aurten, eta 2024an ere izango dute. Prezioek igoera izan dute sektore askotan eta, ondorioz, Udalak indarrean dituen zerbitzuen kontratuek igoera handiak izan dituzte eta izango dituzte oraindik”, azaldu du Basurkok. “Aurrekontu horri esker, zarauztarren beharrei erantzun ahal izango zaie eta, era berean, Udal Gobernua gauzatzen ari den proiektu garrantzitsuekin jarraitu ahal izango da. Zorionez, foru-funtsak ere gora egin du, eta aurten baino kopuru handiagoa jasoko dugu, % 6,31 gehiago zehazki”.
Aurrekontuko partidarik garrantzitsuenak Obra, Azpiegitura eta Zerbitzu Sailera (% 31) eta Giza Baliabideen Sailera (% 28) bideratutakoak izango dira. Era berean, azpimarratu behar da Gizarte Zerbitzuen arloak (% 8) pisu espezifiko handia izaten jarraitzen duela, ia 4.000.000 eurorekin aurrekontu honetan.
Inbertsioen kapituluari dagokionez, 12.000.000 euro jaso dira, Udalak Zarautzentzat eta zarauztarrentzat onurarako izango diren ildo estrategiko garrantzitsuetan lanean jarrai dezan. Horietako batzuk, hala nola Santa Klararen erosketa, tren geltoki berria eta inguruaren urbanizazioa, Villa Nuria eraberritzea Udaltzaingoaren egoitza berria hartzeko, martxan daude aurreko ekitaldietatik.
Beste batzuk, esaterako Santa Klararen egokitzapena, Astiko kantina berria, hiru autobus elektriko erostea, gizarte-zerbitzuetarako hiru etxebizitza erostea, Malekoiko baranda berritzea, Orokietako patioa berritzea, energia-zerbitzuen gestiorako enpresa bat kontratatzea udal-eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzeko eta argiteria publikoa berritzea eta Vista-Alegreko igogailuak instalatzea, besteak beste, datorren urteko aurrekontuen barruan daude. Partida horiekin batera, aurrekontu hauetan beste inbertsio batzuk ere jasotzen dira, kostuari dagokionez txikiagoak, baina era berean garrantzitsuak, gure herriko auzoetan egiten den entzute aktiboko ohiko prozesutik jasoak.
“Udalaren barnean, aurrekontu hauek egiten parte hartu dugun guztiok jakin badakigu prozesu luzea eta neketsua dela. Hala ere, ondo bideratuta gaude urte hasieratik udal aurrekontuak suposatzen duten kudeaketa-tresna garrantzitsua martxan izateko. 2024an ere konpromisotik jarraituko dugu lanean, gero eta udal eraginkorragoa izateko”, gaineratu du Ekonomia eta Finantza zinegotziak.
Bestalde, Gloria Vazquez bigarren alkateorde eta PSE-EEko bozeramaileak nabarmendu duenez, “hauek 2023/2027 legegintzaldiko lehen aurrekontuak dira, eta udal-gobernuak buru-belarri jarraitzen du Zarautz klima-aldaketaren aurrean erresilientea eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan erreferentea izateko, eta, gainera, Zarautzek eremu guztietan beharrezko instalazioak izan ditzan helburuarekin jarraitzen dugu. Zehazki, PSE-EEk lehen aldiz kudeatzen duen Kirol Sailetik 650.000 euro sartu ditugu Asti, Bolatokia eta igerilekuko kirol-instalazioak hobetzeko, eta gastu arrunta % 16,22 handitu dugu dirulaguntzak eta kiroldegiko zerbitzua hobetzeko eta Zarautzek merezi dituen mailako lehiaketak ekartzeko”.