ZARAUZKO UDALAK 2022 URTERAKO ORDENANTZA FISKALAK ONARTU DITU

2021/10/08

Zarauzko Udalak, irailaren 30ean ospatutako Osoko Bilkuran, 2022 urterako Ordenantza Fiskalei hasierako onespena eman zien, EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemos EQUO Berdeak Udal taldeen aldeko bozkarekin. EHBildu Udal taldeak abstentziora jo zuen.

Jesus Aranak (EAJ-PNV) Ogasun zinegotziak Osoko Bilkuran azaldu zuenez, Ordenantza Fiskalen igoera orokorra Azpiko Inflazioari erreferentzia eginaz proposatu dute: “2022 urterako orokorrean %1,4a igotzea proposatzen dugu, agintean gaudenetik egin izan dugun bezala, azpiko inflazioari erreferentzia eginez. Izan ere, jakin badakigu COVDI19 egoerak zer nolako eragina izan duen eta, oraindik duen, gure herritarrengan. Horregatik, datorren urteari begira ere KPIaren azpitik dagoen igoera proposatzen dugu. KPIa da eragin zuzena duena Udal Zerbitzuen kostean, eta sarrera eta gastuen artean oreka mantentzeko, kontuan hartu beharrekoa. Beraz, %1,4 igoera orekatua dela esan dezakegu. Zerbitzu publikoen kalitatea mantentzea da gure helburua”.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan (OHZ), Ogasun zinegotziak azaldu du konparaketa bat egin dutela antzerako ezaugarriak dituzten Gipuzkoako hainbat Udalerrirekin eta Zarautz nabarmen behetik dagoela antzeman dute. “Hori dela eta, OHZren karga tasa orokorra %0,1673tik %0,18ra igotzea proposatzen dugu”, zehaztu du Aranak.

Azkenik, Aranak azpimarratu du “Podemos EQUO Berdeak Udal taldearekin izandako negoziazio prozesua oso positiboa” izan dela eta Tarifa Sozialaren araudia bezalako “gai garrantzitsuaren aurrean jasotako babesa positiboki” baloratu du.

Ordenantza Fiskal hauetan ere hainbat ataletan, prozedura aldetik, herritarrei Udalarekin harremana errazteko neurriak hartu dira. “Besteak beste, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergan Udalak ofizioz, alegia, herritarrak eskatu beharrik gabe, hobariak aplikatuko ditu ibilgailu elektriko, hibrido eta gasdunetan”, zehaztu du Ogasun zinegotziak.

Tarifa Sozialaren araudi berria

Udal Tasen eta Prezio Publikoen Salbuespen eta Hobariei buruzko araudi berria ere onartu da Ordenantza Fiskalen baitan. 

“Zarautz herri solidarioa da eta Udal Politikak horren adibide izan behar dute. Tarifa sozialaren araudi berri honen bidez, diru sarrera baxuenak dituzten herritarrek, hainbat zerbitzutan, hobari garrantzitsuak izango dituzte. Honez gain, Ordenantza Fiskaletan salbuespenak txertatzeko tresna egokia ere izango da”, adierazi du Aranak.

“Aurtengo Ordenantza Fiskaletan ekitatearen bidetik oinarriak finkatzen ditugu eta, datozen urteetan, tarifa sozialaren kontzeptua beste zerga, tasa eta prezio publikoetara zabaltzeko asmoa” dutela aurreratu du zinegotziak.

Hala, Tarifa Sozial berriaren hobariak %60etik %100era bitartekoak izango dira eta Kulturan, Hezkuntzan, Aisialdian, Dibertsitate Funtzionalean edota Kirolean aplikatuko dira. Era berean, azken urteetan familia ugarietara bideratutako hobariak ere mantenduko dira.

Gloria Vazquez PSE-EE taldeko bozeramaleak nabarmendu duenez, “Tarifa soziala ezartzeak aukera emango du baliabide ekonomiko gutxiago dituzten Zarauzko pertsonek zerga gutxiago ordaintzeko. Gizarte-tarifetan sartu ditugu, halaber, emakumeentzako ahalduntze-eskolako ikastaroak, %100eko hobariarekin, arrazoi ekonomikoengatik emakumerik kanpoan gera ez dadin”.

“Araudi honekin, Zarauzko Udalak herritarrei eskaintzen dien babes sarea estrukturatu” nahi duela zehaztu du Aranak: “Udalak diru-laguntza, programa berezi, hobari eta salbuespenak, eta hainbat doako zerbitzuek osatzen duten babes sarea eskaintzen die herritarrei, hirugarren sektoreko hainbat elkarte eta irabazi asmorik gabeko elkarteekin elkarlanean. Guzti hauek herritar guzion ongizatea bermatu nahi dute, inor atzean utzi gabe”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude