2025/05/17
Zarauzko Udalak, Berdintasun departamentuaren bitartez, LGTBI+ diagnostiko-prozesu bati ekin dio, udalerrian kolektiboaren errealitatea sakon ezagutzeko helburuarekin. Lan hau udaleko Berdintasun Planaren barruan dago, eta LGTBI+ pertsonek Zarautzen bizi dituzten oztopo nagusiak identifikatzea du helburu, baita haien beharrak eta eskaerak identifikatzea ere.
Prozesua maiatzaren 22an, ostegunean, abiatuko da, 18:30ean Emakumeen* Etxean egingo den bilera ireki batekin. Bertan, diagnostikoaren helburuak eta lan-metodologia azalduko dira, eta lehen inpresioak eta testigantzak jasoko dira. Aldi berean, online galdetegi bat abiaraziko da interesa duten herritar guztien parte-hartzea sustatzeko.
“LGTBI+ diagnostikoa politika publiko eraginkorrak diseinatzeko lehen urratsa da, diskriminazioak saihesteko eta pertsona guztiak, sexu-orientazioa edo genero-identitatea gorabehera, Zarautzen eskubide- eta aukera-berdintasunez bizi ahal izatea bermatzeko”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak.
Gainera, udalerriak kolektiboaren errealitatea ikusarazten jarraitzen du, hainbat kultura-, hezkuntza- eta sentsibilizazio-ekintza eginez:
– Maiatzaren 31ra arte, Emakumeen* Etxeak Ni naiz Naizena argazki-erakusketa hartuko du. Erakusketa Soy yo webseriearen grabazioan jaio zen, eta trans* pertsonek beren bizipenak, erronkak eta zailtasunak partekatzen dituzte bertan.
– Antoniano eta La Salle ikastetxeetan, escape room formatuko hezkuntza-jarduerak egingo dira, eta LGTBI+ gaiak landuko dira, ikasleen artean prebentzio- eta sentsibilizazio-ikuspegiarekin.
– Aurreko urteetan bezala, Udalak, Emakumeen* Etxeak eta ikastetxeek ortzadar pankartak zintzilikatu dituzte “Naizena naizela onartua” leloarekin, eta espazio publikoak banderolekin eta beste elementu sinboliko batzuekin apaindu dituzte. Zarautzek modu iraunkorrean ditu ortzadar-bankuak, apaindutako lurpeko pasabideak eta seinale inklusiboak eskoletan, ikusgarritasunaren eta aniztasunarekiko errespetuaren alde.
Diagnostiko honi esker, Udalak neurri zehatzak diseinatzeaz gain, tokiko LGTBI+ sareak indartzeko, erakundeen arteko elkarrizketa hobetzeko eta kolektiboaren errealitatea herritar guztiei hurbiltzeko ere balioko du.