ZAINTZA LANETAN ARITZEN DIREN EMAKUMEENTZAKO ZERBITZUA ANTOLATU DU ZARAUZKO UDALAK

2021/09/17

Zarauzko Udaleko Parekidetasun eta Immigrazio departamentuek elkarlanean programa berri bat jarri dute martxan zaintza lanetan aritzen diren emakumeei zuzenduta. Programa honen helburua emakume hauei Zarauzko Emakumeen* Etxeko zerbitzuak asteburuetara zabaltzea da, astegunetan zehar duten lan ordutegiagatik ezin dutelako zerbitzua erabili.

Izan ere, Zarautzera iristen diren emakume asko zaintza lanetan aritzen dira. “Askotan, lan baldintzak ez dira onak izaten eta leku berean lan eta bizi behar izateak egoera itogarrietara eramaten ditu” adierazi du Iratxe Zorrozua (EAJ-PNV) Immigrazio zinegotziak. “Gaur aurkezten dugun esparru honetan arnasgune bat eta babesgune bat eskaini nahi diegu, beraien ordu libre apurretan egoteko leku lasai eta atsegin bat”.

Horrela, larunbat, igande eta jaiegunetan Emakumeen* Etxea irekiko da 16:00etatik 20:00etara. Bertaratzen diren emakumeekin Lahar elkarteko bi psikologo egongo dira, Sheila Bouzas eta Eider Martínez, eta hauek parte hartuko duten emakumeei harrera egin eta dituzten beharrekin laguntzen saiatuko dira. “Zerbitzuko lehen egunetan bertaratzen diren emakumeen beharrak eta nahiak aztertu eta, horren arabera, zerbitzua egokituko dugu, uneoro beraiek nahi dituzten ekimenak prestatuz”, adierazi du Sheila Bouzas psikologoak.

“Etxe honetara gerturatzeak herrian integratzen lagunduko diela uste dugu, herriko baliabideak ezagutu eta harreman sarea sortuko duten neurrian” azaldu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. Honez gain, Vazquezek azpimarratu du “gaur aurkezten dugun ekimena aintzindari da eta, honekin, aurrera pausu bat eman nahi dugu emakumeen ahalduntze prozesua bultzatzeko eta bizitza baldintzak hobetzeko”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude