ZARAUZKO UDALAK DATORREN URTERAKO AURREKONTUAK ONARTU DITU

2024/12/27

Zarauzko Udalbatzak hasierako onespena eman die datorren urteko aurrekontuei bere abenduko ohiko saioan. Proposamenak EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuaren babesa izan du eta EH Bilduren kontrako bozka. Ogasun eta Finantza zinegotzi Iker Basurkok (EAJ-PNV) adierazi duenez, “aurrekontu hauek jarraipena ematen diote azken urteotan egiten ari garen lanari eta zarauztarren beharrei erantzuten jarraitzen dute”.

Hala, 2025erako, Udalak 39.753.311,84 euroko aurrekontua izango du, baina zenbateko hori ezin da konparatu iaz onartutakoarekin, oraingo honetan inbertsioak ez baitaude aurrekontu horretan sartuta.

Aurten, pandemiaren aurreko arau fiskalak indarrean sartuko dira berriro, eta, beraz, aurrekontuek bete beharreko neurriak gogortu egin dira. Basurkok adierazi duen bezala, “arau fiskalen (egonkortasuna, iraunkortasuna eta gastuaren hazkunde mugatua) itzulerak kontuak birformulatzera eraman gaitu, baina horrek ez du praktikan inolako aldaketarik ekarri, gobernu-taldeak aurrera jarraitzen baitu bere legegintzaldi-planean zehaztutako proiektuekin, eta horiek aurrekontuetan islatuko dira, Udalak 2024ko ekitaldia ixtean lortuko duen gerakinak (aurrezkiak) ahalbidetzen duen neurrian”.

Aurrekontuko partidarik garrantzitsuenak Giza Baliabideen departamentura (% 36,67), Obra, Azpiegitura eta Zerbitzuen sailera (% 24) eta Gizarte Zerbitzuen departamentura (% 10,10), 4.000.000 euro baino gehixeagorekin, bideratutakoak izango dira beste behin, eta, ondoren, Kirolak eta Herritarren Segurtasuna, 2.000.000 euro inguruko zenbatekoarekin (% 5,15).

“Gure Agintaldi Planean ezarritakoa betetzen jarraitzeko asmoa dugu, eta, aldi berean, zuhurtziaz jokatu behar dugu, egoera ekonomiko-finantzarioa etorkizunerako arazo izan ez dadin. Zerbitzuen eta materialen kostuaren igoerak horren inguruan egiten den aurreikuspen oro aldatzen jarraitzen du; horregatik, aparteko ahalegina egingo dugu gastua kontrolatzeko, kontratatutako zerbitzuetan eraginkortasun handiagoak bilatzen saiatzeko eta proiektu berriei ekiteko ezohiko diru-sarrerak bilatzeko”, gaineratu du Ogasun eta Finantzetako zinegotziak.

Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) bozeramaile jeltzaleak nabarmendu duenez, “udal gobernuak ahalik eta akordio zabalena lortzeko borondatea izan du eta hainbat bilera egin ditugu oposizioarekin aurrekontua adosteko prozesuan”. “Pena da EH Bilduren baiezkoa lortzeko akordiorik ez lortu izana, sintonia onean negoziatu baita eta uste dut bi aldeek oso gertu sentitu dugula akordioa”, adierazi du Oiarbidek.

Bestalde, Inaxio Illarramendi PSE-EEko bozeramaileak adierazi duenez, onartutako aurrekontuak “berebiziko garrantzia izango dute zarauztarrengan. Hurrengo urteetako lerro gida bat izateaz gain, Udal gobernu honek dituen proiektu eta eginbeharrak bermatzen” baititu.
Illarramendik gaineratu du gogor lan egiten jarraituko dutela euren lan-esparruetatik, “dauden zerbitzuak indartzeko eta eremu bakoitzean tokiko entitateak babesteko, eta, aldi berean, jarduera berriak sustatuko ditugu herritarren gozamenerako”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude