2026/10/26
Gipuzkoako eguneroko merkatu gutxienetako bat da Zarauzkoa eta bizi-bizia dirau. Bizi horrekin jarraitzeko, lau postu atera dira lehiaketara. Postu berrien esleipenak 25 urterako izango dira eta elikagaiak saltzeko eta 150 km baino gutxiagora ekoiztutako produktuak saltzeko proposamenek lehentasuna izango dute. Euskararen erabilera eta berdintasuneko irizpideak ere baloratuko dira.
Deialdia urriaren 26ean atera da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta hemendik aurrera 15 baliodun eguneko epea dago proposamenak aurkezteko. Informazioa udaleko Ondare sailean edo Ingurumen sailean eskatu ahal izango da.
“Zarauzko merkatuan badago bizia, badago jendea eta beren negozioa hemen martxan jarri nahi dutenentzat aukera zabaldu dugu”, adierazi du Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Merkatu Plazako zinegotzi arduradunak eta gaineratu du “Merkatuko eskaintza aberastu eta bertako merkataritzari jarraipena eman nahi diogu, proiektu berriei lekua eginez”.

