Urola Kosta eskualde aktiboa da; asko dira negozio ideiaren bat izan eta aurrera eramateko iniziatiba duten herritarrak. Hori horrela, Urola Kostako Udal Elkarteak lanean dihardu, etengabe, eta herritarren beharrei eta eskaerei erantzuna emateko helburuarekin Coworking proiektua du eskuartean.
Gloria Vázquez Herranz Zarauzko alkateordeak gogoratu du ekimen honek bat egiten duela 2021eko aurrekontuetan adostasunez lortutako konpromisoarekin: «enpleguaren sustapena Urola Kostako Udal Gobernuen erronka nagusienetakoa da. Etengabe ari gara lanean, eskualdeko herritarrei ahalik eta laguntza eta baliabide gehien eskaintzeko. Coworkinaren proiektua bat dator 2021eko aurrekontuetan aurreikusitako konpromisoarekin. Eskualdeko herritarrentzako lanerako tresna izatea nahi dugu; bultzada bat eman nahi diegu negozio-ideia bat izan eta aurrera eraman nahi duten ekintzaileei eta dagoeneko abian direnei».
Herritar ekintzaileei bideratutako proiektua
Urolako Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentziaren helburuetako bat da eskualdeko ekintzaileek zein enpresa sareek elkarlanerako gune bat izatea. Vazquezek gogoratu du Coworking espazioek hiru helburu dituztela jomugan: «batetik, herritar, ekintzaileen edo enpresen arteko sinergia lortu nahi da, eta bereziki, emakumeen artekoa: gogoeta sustatu, partehartzea bultzatu eta elkarlanerako egitasmoak bideratu. Bestetik, partaidetzaren eta ko-sortzearen kultura bultzatu nahi dira. Eta azkenik, banakako proiektu profesionalak zein enpresen proiektu profesionalak garatzeko gaitasuna sustatu nahi da».
Era berean, Vazquezek azpimarratu du Coworking espazioek irtenbidea emango diotela lanerako gune bat izateko beharrari: «asko dira negoziorako edo ekintzailetzarako ideiaren bat duten herritarrak, baina lokal batek dituen gastuei aurre egiteko gaitasunik ez dutenak. Coworking espazioek tranpolin lana egingo dute behar horri erantzuna emateko».
Emakumeak erdigunean izango dituen Coworking espazioa
Lourdes Salsamendi Goñi Udal Elkarteko lehendakariak gogoratu nahi izan du Coworking espazioen proiektua 2021eko aurrekontuetan adostasunez lortutako fruitua dela: «Urola Kosta Udal Elkartean etengabe ari gara lanean enpleguaren alde, herritarren bidelagun izan nahi dugu, behar dutenean gure laguntza izan dezaten. Coworking proiektua pausu handia izango da bide horretan, aholkularitzatik eta laguntzatik haratago doalako. Coworkingak ekarriko du bide berean dauden herritarren arteko elkarlana eta sinergia; proiektuak garatu eta aurrera eramateko espazioa izango da».
Urola Kostako Udal Elkarteak balioan jarri nahi du proiektu honetan emakumeek izango duten presentzia; hasiera-hasieratik erdigunean jarrita. Eta horixe bera azpimarratu nahi izan du Gloria Vazquezek ere: «Emakumeen aldeko politika egin behar dugu, kasu honetan, lan enpleguari dagokionean. Nabarmena da emakumeek lan munduan sartzeko duten zailtasuna. Gaur egun, oraindik, emakume langabetuen tasa altuagoa da eta zailtasun handiagoa dugu karrera profesional bat garatzeko. Gu izaten gara, neurri handi batean, familiari denbora gehien eskaintzen diogunak, eta horrek nabarmen murrizten du gure jarduera profesionala adinik produktiboenetan. Ondoren arazoak izaten ditugu berriz ere lanean hasteko. Horrek dakar emakumeen eta gizonen arteko desoreka lan karguetan, soldatetan, kotizazio urteetan… Besteak beste, horregatik jarri nahi dugu emakumea Coworking espazioen erdigunean».