ZARAUZKO UDALAK IRTEERA GIDATUA BULTZATU DU ERAZTUN BERDE URDINEAN, ITULAZABALGO PUTZUAK EZAGUTZEKO ETA HOBETZEKO

2026/10/07

Zarauzko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, urriaren 17rako, larunbata, irteera gidatu bat antolatu du Itulazabalgo hezeguneetara, Eraztun Berde Urdinaren jardueren barruan.

Ekimenaren helburua da udalerriko naturagune interesgarrienetako batera hurbiltzea herritarrak, eta hezegune txiki horiei lotutako biodibertsitatea gertutik ezagutzeko aukera ematea. Bisita Aranzadi Zientzia Elkarteko bi adituk gidatuko dute: Jon Garin, anfibioetan eta narrastietan espezializatutako herpetologoa eta odonatoetan, hala nola libeluletan eta deabruaren zalditzoetan, espezializatutako entomologo bat.

Irteera gidatuaz gain, parte-hartzaileek auzolanean lagundu ahal izango dute hezeguneak hobetzeko eta egokitzeko.

Balio ekologiko handiko hezegune-sarea

Hezeguneak espazio dinamikoak dira, klimatologiak eta kokapenak berak baldintzatuta, eta lehorte-aldiak eta aldaketak izan ditzakete, bai azaleran, bai uraren sakoneran. Biodibertsitaterako garrantzitsuak diren arren, Europako hezeguneen bi heren desagertu egin dira azken mendeetan, batez ere giza jardueraren ondorioz.

“Eraztun Berde Urdinaren barruan hezegune-sare bat bultzatu eta mantentzen dugu Udaletik, haren kontserbazioa errazteko. Sare honen parte da Itulazabal, balio natural handiko beste espazio batzuekin batera, hala nola Irita, Asti, Iñurritzako Biotopoa, Zingira eta Orokieta Herri Eskolako putzu txikia. Zarauzko natura-ondarea osatzen duten espazioak dira, eta zaintzen eta balioa ematen jarraitu nahi dugu, haiek ezagutzea eta gozatzea haiek babesten ikasteko modu bat ere badelako”, adierazi du Eraztun Berde Urdinaren ardura duen zinegotzi Gloria Vazquezek (PSE-EE).

Ezagutu babesteko

Azken urteotan, herritarrei irekitako hainbat ekimen egin dira; besteak beste, zuhaitzak landatzeko jardunaldi bat Antoniano Ikastetxeko ikasleekin, irteera gidatu bat, Aranzadiko adituekin, eta putzuen ingurua egokitzeko auzolan batekin.

Datorren urriaren 17ko irteerak lan horri jarraipena eman nahi dio, eta herritarren artean putzuen biodibertsitateari eta garrantzi ekologikoari buruzko kontzientzia handiagoa piztu nahi du; aldi berean, ingurumen-balioa hobetzeko eta espazio horiek klima-aldaketaren aurrean erresilienteagoak izateko lanean jarraitzen da.

Ingurumen Sailak nabarmendu du oso garrantzitsua dela herritarrekin horrelako jarduerak egitea, Eraztun Berde Urdinaren programa mantentzeko eta zaintzeko Udalaren jarduera osatzeko. “Zarautzek baditu benetako altxor naturalak, askotan oso hurbil izaten ditugunak eta behar adina ezagutzen ez ditugunak. Jarduera hauen bidez gune hauek herritarrengana hurbildu nahi ditugu, gure naturguneak ezagutzea hauek baloratzeko eta babesteko lehen urratsa delako”, gaineratu du Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.

Irteera 10:00etan hasiko da Itulazabalgo zuhaiztian eta hiru ordu inguruko iraupena izango du.

Aldez aurretik izena eman behar da eraztunberdeurdina@zarautz.eus helbidera idatziz edo 943 005 109 telefonora deituz.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude