UZTA OPAROA IZAN DU BESTE URTE BATEZ BARATZE SOLIDARIOAK

2022/04/05

2018az geroztik Caritasek eta bolondres talde gero eta zabalago batek elkarlanean dihardute udal jabetzako Astiko lursail batean Baratze Solidarioaren proiektuan. Bolondresek urte guztian zehar landutako baratze honetan ekoiztutako barazkiak Caritasen bitartez astero-astero behar gehien daukaten zarauztarrei bideratzen zaizkie.

“Klima eta urtaroengatik askotan, baratze honetan ekoizten diren barazkiak epe batzuetan ez dira nahikoa izaten eskaria asetzeko eta urte osoan zehar ekoizpen hori berdintzeko asmoarekin, Udalak aurrekontua handitu du baratze honetan bigarren negutegi bat ahalbidetzeko”, adierazi du Patxi Elola (PSE-EE) Lorazaintza eta Kooperazioko zinegotziak. “Proiektu hau posible egiten duten bolondresei eta Caritasi eskerrak eman nahi dizkiet, Zarautzen behar gehien daukaten pertsonek astero beren barazki otarrea edukitzea posible egiteagatik”.

Iñaki Oñatibiak, baratze honetako lurra lantzen duten bolondresen ordezkariak, 2021eko uztaren errepasoa eta balorazioa egin du: “2021ean jaso dugun uztaren balorazioa oso ona izan dela esan dezakegu. Aurreko urtearekin alderatuta, banaturiko uztaren balioa % 15 igo da”.

2021. urtean Baratze Solidario honetan jaso eta Caritasen bitartez honako barazki hauek banatu ziren:

–    6.235 zerba osto
–    158 brokoli
–    649 kg. kuiatxo
–    506 kg. kuia
–    57 kg. tipula
–    365 aza
–    256 kg. azalore
–    583 eskarola
–    357 kg. leka
–    3.350 letxuga
–    503 kg. pepino
–    398 kg. piper italiar
–    3.788 porru
–    606 kg. tomate
 
Gotzon Larrañaga, Caritaseko ordezkariak adierazi duenez, “Gure helburua ekonomikoki itota dagoen jendeari laguntzea da eta horretarako martxan dagoen tresnetako bat astero 50 familiari eskaintzen zaien janari otarrea da, batik bat baratze honetatik ateratako barazkiez osaturikoa. Baratze Solidario hau Zarauzko Caritasen ikurriña bilakatu da”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude