UDALAK MEMORIAREN EGUNEKO EKITALDIA OSPATU ZUEN IGANDEAN ARROSATEGI PARKEAN

2023/11/13

Igandean, azaroaren 12an, Zarauzko Udalak Memoriaren eguneko ekitaldia antolatu zuen Arrosategi parkean. Ekitaldi honetan Indarkeria eta Terrorismoaren biktima guztiak gogoratu ziren.

Udal talde guztietako ordezkariak izan ziren omenaldian eta, alderdi guztiek adosturiko testua irakurri zuten Jesus Arana alkateordeak eta Gloria Vazquez bigarren alkateordeak. Jarraian, bost minutuko isilunea egin zuten ekitaldira gerturatu ziren pertsona guztiek eta, amaitzeko, lore eskaintza egin zen.

Hau da aurtengo ekitaldian irakurri zen testua:

Urte bat gehiago, Memoriaren espazio honetan, indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta aitortzeko elkartu gara.

Memoriak oinarrizko zutabea izan behar du indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan, eta giza eskubideen defentsan, babesean eta berme eraginkorrean oinarritutako bizikidetza-ereduan.

Biktimak ezin ditugu ahaztu, ez ditugu ahaztu behar, ez ditugu ahaztu nahi, memoria baita bermerik onena berriro ez gertatzeko. Gutako bakoitza, ahaztu behar ez dituen gizarte baten parte gara. Eta gizarte honen ordezkari garenok erantzukizuna dugu gertatutakoa ahaztu ez dadin.

Biktimak dira indarkeriaren eta terrorismoaren min, sufrimendu eta bidegabekeria erradikalenaren ordezkari.

Aurten, bereziki, Ivan Illarramendi eta Loren Garcovich bikotea gogoratu nahi ditugu. Hamasek joan den urriaren 7an, Gazatik oso gertu dagoen Kissufim kibutzean egindako eraso terroristan hil zituzten.

Indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiei, gure oroitzapena.

Horregatik, gaur hemen, biktimak, herritarrak eta Udala osatzen dugun udal talde guztiak gaude ordezkatuta. Espazio berean eta helburu berarekin: Bizikidetza eta elkarbizitza indartu, motibazio politikoaren biktima guztiei gure elkartasuna helarazi eta “Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea” helburuen alde lan egiten jarraitu.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude