UDABERRIA EKINTZAZ BETERIK DATOR ZARAUZKO ERAZTUN BERDE URDINEAN

2022/03/30

2009an martxa jarri zenetik, Zarauzko Eraztun Berde Urdinaren proiektuaren helburua Zarautzen dauden gune naturalak babestu eta zaintzea izan da. “Zarautz biodibertsitate handiko herria da eta horren froga dira, adibidez, Natura 2000 sarean ageri diren bi eremu babestuak: Garate-Santa Barbara eta Iñurritzako biotopoa. Honez gain, Irita eta Astiko hezeguneak garrantzi handiko espazioak dira, Buztinzuriko haltzadiarekin batera, besteak beste”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Babestu ezezik, balioan jarri behar dugu natura aberastasun hau ere, herritarrak ezagutu dezaten, horrela, gehiago zaintzeko”.

Azken urte hauetan, lan eta proiektu asko jarri dira martxan Eraztun Berde Urdinaren baitan, hau osatu eta hobetzeko, besteak beste, Vista Alegre Parkearen berreskuratzea eta Zingira Basoaren erosketa eta berreskuratzea.

Honez gain, urtean zehar enpresa batek Eraztun Berde Urdina osatzen duten ibilbide, gune eta elementuen ikuskaritza eta mantenua egiten du, beharko balitz, egin beharreko garbiketa eta konponketak egiteko.

“Orain, proiektua garatzen jarraitzeko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko Zarauzko Eraztun Berde Urdina kudeatzeko teknikari berria lanean hasi da Zarauzko Udalean, Ainara Garcia” gehitu du Vazquezek. “Gogo handiarekin lan egiten ari da hainbat ekimen berri martxan jarriz. Besteak beste, web orriari bultzada izugarria eman dio eta sare sozialak ere ireki ditugu”.

“EBU proiektua ikastetxeetan garatzen ari diren Eskolako Agenda 30arekin bat egiteko plana martxan jarri dugu. Adibidez, ‘Loratu Herria!’ ekimenari jarraipena eman zaio, edota EBU aldizkariaren 2.alea sortzen ari gara, eta horretarako ikastetxeetan lantzen ari diren gaiekin bat egin dugu”, azaldu du Ainara Garcia Eraztun Berde Urdineko teknikariak.

Udaberriari begira, hainbat ekintza antolatuko dira zarauztarrek Eraztu Berde Urdinaren eta Zarauzko biodibertsitatearen inguruan daukaten ezagutza areagotzeko. Maiatzaren 14tik, Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Egunetik ekainaren 15era bitartean hainbat ekintza antolatuko dira. Tartean dira ere Biodibertsitaearen Mundu Eguna (maiatzaren 22an) eta Ingurumenaren Nazioarteko Eguna (ekainaren 5ean). Beraz, data horien bueltan, hanbat ekintza egingo dira: erakusketak, ikastaroak, umeentzako EBU murala sortzea, Hi Selfie! argazki rallya, sendabelarren koadernoa, artea eta natura uztartzen dituzten lantegiak, gaueko tximeletan ikusteko txangoa…

Bestalde, ekainaren 8an, Ozeanoen Nazioarteko Egunaren harira, CIMASUB Itsaspeko Zine Zikloa eta argazki erakusketa gauzatuko dira.

Ekintza guzti hauek doakoak izango dira, eta zenbait kasutan plazak mugatuak egongo dira, beraz ekintza batzuetan parte hartu ahal izateko aurrez izena eman beharko da. Eraztun Berde Urdinaren inguruko albisteak jasotzeko eta ekintzen berri izateko buletina jaso nahi duen herritarrek mezu bat idatzi beharko dute zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera.

DESKARGATZEKO

EBU ekintzak – Udaberria (PDF 229k)

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude