MARTXOAREN 8KO EGITARAUA AURKEZTU DU PAREKIDETASUN DEPARTAMENTUAK


Datorren astean Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak hilabete osorako egitarau zabala aurkeztu du, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatuta.

“Urtero ospatzen dugu Emakumeen nazioarteko egun hau, martxoaren 8a. Egun honetan, emakume eta gizonen arteko berdintasuna erreala aldarrikatzen dugu. Gure gizartean eskubide berberak dauzkagu, baina oraindik diskriminazioa sufritzen dugu emakumeok, emakumeak izateagatik”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. “Pixkanaka, mugimendu feministari esker, gauzak aldatzen ari dira, gure gizartean, behintzat. Baina hegoaldera begiratzen badugu, neskatoak gizon helduekin ezkontzera behartuta daudela ikusten dugu, eskolara joatea debekatuta daukate, emakumeak burka baten barruan izkutatuta bizi dira… azken finean, guztiz gizonen menpe bizi dira.”

Dagoeneko eskuragarri daude Emakumeen Nazioarteko Egun hau ospatzeko egindako banderolak eta, baita ere, Emakumeen* Etxearen baitan biltzen diren Puntu Terapia taldeko kideek sorturiko arropan jartzeko artilezko “8” itxurako figurak.

Martxoaren 2an, “Soilik baietz da baietz” hitzaldia izango da Emakumeen* Etxean. Bertan, Macarena Mugica eta Garazi Plazaola Iruleko abokatuak Sexu askatasunaren legeari buruz arituko dira.

Larunbatean, martxoak 4ean, Parekidetasun departamentuak Ainize Txopitea artista zarauztarraren erakusketa ikusteko bisita gidatua antolatu du Donostiako Kur galerian, 12:00etatik 13:00etara. Ekitaldi honetarako izen ematea Emakumeen* Etxean (Nafarroa kalea, 3 / 943005136 / emakumeen-etxea@zarautz.eus) egin beharko da. Honi lotuta, martxoaren 16ean Emakumeen* Etxean Ainize Txopitearen erakusketaren irekiera ekitaldia ospatuko da. Erakusketa hau ikusgai izango da espazio honetan martxoan eta apirilean zehar.

Aurreko edizioetan egin izan den bezala, historian zehar arlo desberdinetan nabarmendu diren emakumeen aitortza egingo da. Aurten, emakume asmatzaileen inguruan zentratuko da ekimen hau eta Torre Luzea parkean hauek ezagutzeko aukera izango da martxoaren 3tik 12ra.

Martxoaren 8an bertan, Andoni Agirregomezkorta eta Itziar Urretabizkaiaren “5 minutun” antzerki obraz gozatzeko aukera izango da Modelo Aretoan 20:00etan. Kultur arloan jarraituz, martxoaren 24an “Latsariak / Lavanderas” dokumentala egongo da ikusgai 18:30etan Emakumeen* Etxean eta martxoaren 31ean “sofokos” monologoa izango da, 19:00etan.

Zarautz, Zumaia, Orio eta Getariako ikastetxeek eta udaletxeek osatzen duten Hezkidetza foroaren baitan, Zarauzko eskolek ere parte hartuko dute martxoaren 8ko ekimenetan. Urtean zehar gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duten gaiak lantzeaz gain, Emakumeen Nazioarteko Egunean, pankarta eta banderolekin apainduko dira eskolak.

Emakumeen kirolak ere bere espazioa edukiko du hilabete honetan zehar. Martxoaren 26an, 12:00etan, Emakumeen  Master Cup pilota txapelketako finala Zarautzen ospatuko da, Aritzbatalde frontoian eta, martxoaren 23an, Jira Bera Zarauzko txirrindularitza taldearen aurkezpena egingo da Modelo Aretoan, non bertako emakume txirrindularien taldea ere aurkeztuko den.

“Ekimen hauen bitartez Emakumeen Nazioarteko Egunari ikusgarritasuna eta alaitasuna eman nahi dizkiogu, gogoratuz feminismoaren aldarrikapenak ez doazela inoren kontra, baizik eta berdintasunaren alde”, aldarrikatu du Parekidetasun zinegotziak. “Martxoaren 8a emakumeontzako aldarrikatzeko eguna da, eta baita ere, emakume izatearen harrotasuna adierazteko. Berdintasuna eraiki behar dugu gizonekin batera, eta bereziki gonbidatzen ditugu gurekin ospatzera egun hau. Denon artean lortu behar dugulako gizarte matxistarekin bukatzea”.

DESKARGATZEKO

M( egitaraua – Kartela (PDF 17,2MB)

Ainiize Txopitea erakusketa (JPG 271k)

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude