SALAKETA ETA EMAKUMEEN ERREFERENTEAK ARDATZ DITUEN PROGRAMA BATEKIN OSPATUKO DU ZARAUTZEK M8-a

2026/02/27

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta (M8), Zarauzko Udalak data hori borroka feminista, hausnarketa eta konpromiso kolektiboko egun gisa aldarrikatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu nahi du.

“XXI. mendeko Europan, emakumeok, emakume izate hutsagatik, desberdintasunak, diskriminazioak eta erasoak jasaten jarraitzen dugu. M8-a ezinbesteko jardunaldia da aurrerapen feministak aldarrikatzeko, baina baita egiteke dagoen guztia gogoratzeko ere”, azaldu du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak (PSE-EE).

Aurtengo programazioa bi ardatz nagusiren inguruan egituratzen da: Latidos Mariposas proiektua, indarkeria bikarioari buruzko sentsibilizazioan zentratua, eta Emakume Erreferenteak Kirolean ekimena, tradizioz maskulinizatutako esparru batean nabarmendu diren emakumeak ikusarazteko.

Zarautzek argi eta garbi esan dio ezetz indarkeria bikarioari

Udalerriak bat egin du indarkeria bikarioa ikusarazteko Itziar Pratsek eta Isabel Martinezek bultzatutako Latidos Mariposas proiektuarekin, indarkeria matxistaren adierazpenik muturrekoenetako bat baita. Proiektua Itziar Pratsen esperientzia pertsonaletik sortu zen, aitak bere bi alabak hil ondoren.
“Proiektu honekin bat egitean, ozen eta argi esaten dugu Zarautzek ez duela beste aldera begiratzen indarkeria honen aurrean. Biktimei laguntzeko eta indarkeria matxista mota hori eta guztiak desagerrarazteko lan egiteko kolektiboki antolatzen gara”, gaineratu du Vazquezek.

Emakumeen* Etxeari, ikastetxeei eta Gaztelekuari lotutako hainbat emakume-kolektibok parte hartu dute prozesu partehartzaile honetan. Horiei guztiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu hartutako konpromisoagatik eta inplikazioagatik.

Orain arte, eskuz egindako mila tximeleta baino gehiago egin dira, banan-banan. Tximeleta bakoitzak indarkeria bikarioaren biktimekiko elkartasuna eta indarkeria matxistarik gabeko mundu hobea eraikitzeko borondate irmoa sinbolizatzen ditu.

Tximeleta hauek Modelo Aretoa eta Emakumeen* Etxea pareko plaza apainduko dituzte Itziar eta Isabel proiektuaren sortzaileei harrera egiteko. Hilaren 6an, ostiralean, 19:00etan Modelo Aretoan euren esperientzia partekatuko dute eta indarkeria bikarioari buruzko hitzaldi bat eskainiko dute; eta 7an, larunbatean, 12:00etan, Emakumeen* Etxe pareko plazan egingo den ekitaldi publikoan parte hartuko dute itxiera sinboliko gisa. Gainera, martxoaren 12an, 17:00etan, enbor bat apainduko da Langako plazan, oroimenaren eta konpromisoaren sinbolo iraunkor gisa geratuko dena.

Emakume erreferenteak kirolean

M8 bakoitzean bezala, Udalak ikusgarritasuna eman nahi die tradizioz maskulinizatutako esparruetan erreferente diren emakumeei. Aurten kirolean jarriko da arreta, Kirol Sailaren, Zarauzko Kirol Klubaren eta Murkil Zarauzko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin.

“Kiroletik ere berdintasuna eraikitzen lagundu behar dugu. Emakume erreferenteak ikusarazteak, haien ibilbidea aitortzeaz gain, haien eredua jarraitzeko inspirazioa ematen die neskei eta gazteei”, adierazi du Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Kirol zinegotziak.

Martxoaren 6tik 20ra, 18 denda zarauztarrek beren erakusleihoak prestatuko dituzte, historian zehar kirolean nabarmendu diren emakumeen profilak erakusteko. Gainera, ikastetxeetan hitzaldiak antolatuko dira Zarauzko kirolariekin, tailerrak Gaztelekuan eta bideoak grabatuko dira emakumezko talde ezberdinen entrenamenduetan. Bideo horiek sare sozialetan argitaratuko dira emakume kirolari zarauztarrei ikusgarritasun handiagoa emateko.
Halaber, kamisetak banatuko zaizkie kirol-klubei, “Emakumeok lehen lerroan, kirolean ere” leloarekin.

Udalak herritar guztiak animatu ditu programatutako jardueretan parte hartzera eta benetako berdintasun eraginkorraren aldeko konpromiso kolektibo horrekin bat egitera.


​​​​​​​

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude