LURPERATZEAREN ALDEKO AKORDIO INSTITUZIONALA

2023/03/31

A)    AKORDIO INSTITUZIONALA

1.- Zarauzko Udalbatzak adierazten du trenbidea lurperatzea lehentasun estrategikoko beharra dela, eta herritarrek, alderdi politikoek eta Udalak nahiz erakunde eta administrazio eskudunek partekatzen duten eskaera historikoari erantzuten diola. Proiektu hori, beraz, udaleko hirigintza-plangintzaren funtsezko zutabeetako bat da. Ildo horretan, bere egiten ditu eta bat egiten du 2005eko uztailaren 27ko eta 2008ko otsailaren 13ko osoko bilkuren erabakiekin, horietan trenbidea osorik lurperatzea baita udalerria bitan banatzen duen hesi horizontala kentzeko oinarrizko jarduera-ildoetako bat, bai eta 2010eko maiatzaren 27ko adierazpen instituzionalarekin ere, zeinean Eusko Jaurlaritzari eskatzen baitzitzaion lurperatze-proiektua bere gain hartzeko.

2.- Horretan oinarrituta, Zarauzko Udalbatzak adierazten du trenbidea lurperatzea behar-beharrezkoa dela, eta berretsi egiten du lurperatzearen alde eta hura defendatzeko ekintza guztien alde egingo duela, hirigunea igarotzean trenak sortzen dituen arazo guztiak behin betiko konpontzeko.

3.- Era berean, Zarauzko Udalbatzak bere konpromisoa berresten du eta Zarautzen trenbidea lurperatzea bultzatu eta gidatzeko borondate irmoa adierazten du. Helburu horrekin, konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan, helburu hori lortzen laguntzen duten ekimenak, ekintzak eta hiri-plangintzako politikak definitzeko, onartzeko eta sustatzeko.

4.- Bestalde, Zarauzko Udalbatzak erakunde eta administrazio eskudunei (ETS, Eusko Jaurlaritza,…) dei egiten die lurperatze-proiektua beren gain har dezaten eta bertan erabakitasunez parte har dezaten, ekintzak indartuz eta horretarako behar diren baliabideak gaituz.

5.- Azkenik, Zarauzko Udalbatzak, herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko, interesdun orori trena lurperatzearen inguruan ematen diren pausuen jarraipena eta kontrola egin ahal izateko informazio zuzena bideratzeko konpromisoa adierazten du

B)    KONPROMISOAK

Zarauzko Udalak, bere eskumenen esparruan eta hitzarmenaren borondate politikoa lurperatze-prozesua bultzatzen duten ekintza zehatzetan islatzeko asmoz, honako neurri hauek hartzeko konpromisoa iragarri du:

1.    Berehala kontsulta ofizial bat egitea ETSri, bere iritzi teknikoa eskatuz Amillubi eta Eguzki Izar eremuetarako aurreikusitako edo onartutako hirigintza-garapenak lurpeko trazaduraren gainazaleko irteerarekin bateragarriak ote diren argitzeko, eta, ondorioz, eremu osoko bide-sarearen birmoldaketarekin. Eskatzea, ondorioz, lotura horretarako behar den eta teknikoki bideragarria den soluzioa zehaztu dezala, hirigintzako planeamendu batek ere baldintzatuko ez duena.

2.    2023an Eusko Jaurlaritzarekin beste hitzarmen bat sina dadin sustatzea, Ayesa Norte eta Ayesak 2015. urtean egindako informazio-azterlana eguneratzeko. Azterlan horretan aurreko puntuan zehaztutako lotura sartuko da, lurperatzearen behin betiko trazadura finkatzeko.

3.    ETSri eskatzea informazio-azterlana 2024. urtean buka dezala. Ondoren, 2025. urtean, lurperatzeko behin betiko trazadurari buruzko informazio-azterlanak dioena Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspen prozesuaren barruan txertatzea. Baita bideragarritasun ekonomikoaren formula egokiena aztertu eta artikulatzeko ere.

4.    Hartutako konpromisoei bide emateko behar diren aurrekontu-partidak kontsignatzea.

5.    Erakundeen arteko lankidetza sustatzea, epe laburrera beharrezko diren Udalbatzaren ordezkariak eta lantalde teknikoa izendatuz. Bere eginkizuna izango da erakunde eskudunen aurrean (ETS, Eusko Jaurlaritza,…) solaskide izatea, modu erabakigarrian aktibatzeko Eusko Legebiltzarrak (Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Batzordea) 2010eko azaroaren 29an ezarritako agindua (Zarautzen trenbidea lurperatzeari buruzko 198/2010 Dekretuaren legez besteko proposamena). Lankidetza horri esker, erakunde eskudunekin proiektuaren garapen teknikoa eta finantzaketa bilatu, negoziatu eta adostu ahal izango dira.

6.    Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailari eskatzea lurperatze-proiektua bere gain har dezala eta bere programazioan edo inbertsio estrategikoen planean udalerri honetarako lehentasunezko proiektu gisa sar dezala. Halaber, ETSri eskatzea Zarauzko trenbidea lurperatzeko proiektua bere programazioan sar dezala, eta hurrengo Plan Estrategikoan lehentasunezko proiektutzat har dezala,

7.    Eusko Jaurlaritzari eskatzea trenbidea lurperatzeko proiektua idazteko espedientea abian jar dezala, horretarako behar den partida bere aurrekontuetan sartuz 2025-26 biurtekoan, informazio-azterlan eguneratuan jasotako behin betiko alternatiba gara dadin.

8.    Herritarrek parte hartzeko foro bat abian jartzea, epe laburrean aholku-batzorde bat sortuz. Batzorde horrek lurperatze-prozesuaren jarraipena eta kontrola egingo du, eta ezaugarri hauek izango ditu: Zarauzko udalaren presentzia, beharrezkoa denean ETSren agerraldia eskatuko da, Lurperatzearen aldeko Plataformak eta interesa duten eragile eta pertsonek parte hartzeko irekia, gutxienez 4 hilabeteko bileren maiztasuna eta parte-hartze prozesu zabal bati ekiteko aukera, hainbat aukera teknikoren artean bat aukeratu behar izanez gero.

9.    Azkenik, konpromiso horien berri emateko eskatzea Eusko Jaurlaritzako Garraio Batzordeari, ETSri, Eusko Legebiltzarrari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude