2023/03/03
Aste honetan Iritako hezegunea zabaltzeko lanak hasi ditu Zarauzko Udalak. Lan hauen baitan, hezegune honek gaur egun duen azalera handituko da, ingurumenerako onuragarria izango dena.
“Iritako hezegunea oso espazio garrantzitsua da, natura ikuspuntutik, Zarautzentzat eta zarauztarrentzat”, azpimarratu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Alde batetik, oso garrantzitsua da uholdeak ekiditeko, itsasoaren maila igotzen denean hezegune hau urez betetzen baita, eta, bestetik, gune honetan kontzentratzen den biodibertsitatearengatik”.
Egun Iritan egiten ari diren lan hauek, hezegunea berreskuratzeko lanen bigarren eta azken fasea da. 2019an, Euskal Ur Agentziaren eskutik, bertako errekaren hormak bota eta naturalizatu egin ziren. “Lehenengo fasearekin jada konturatu ginen zein garrantzitsua den hezegune hau berreskuratzea eta bigarren fase honetan egindako lanak ere oso onuragarriak izango dira ingurumen aldetik”, gehitu du Ingurumen zinegotziak.
Bigarren fase honetan, hezegune honi 6.200 m2 gehituko zaizkio eta, horretarako, 2.000 m3 lur aterako dira bertatik. Lan hauek 450.000 euroko kostua izango dute eta 5 hilabete inguruko iraupena aurreikusten da. Udala jada bi aldiz bildu da Itxasmendi auzoko bizilagunekin, lehenengoa ekainean eta, bigarrena, joan den astean, lan hauen helburua eta nondik norakoak azaltzeko eta sortu daitezkeen kezkak eta zalantzak erantzuteko.
Lan hauek amaitu ondoren, autopistako irteeratik gertuen geratzen den aldean, oinezko bide bat ahalbidetuko da hezegunea bisitatu eta ondotik igarotzeko. Honez gain, behatoki bat ezarriko da bertan, hezeguneko txoriak ikusi ahal izateko. Amaitzeko, lan guztiak bukatzen direnean 420 zuhaitz eta zuhaixka landatuko dira pasaleku honen inguruan, gehienbat haltzak (Alnus glutinosa).