HERRIKO IKASTETXEEK BAT EGIN DUTE ZARAUTZ 2030 PLAN ESTRATEGIKOAK JASOTZEN DITUEN HELBURU ETA ERRONKEKIN

2022/06/08

Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren baitan, Zarauzko Udalak beste urrats bat eman du eta gaur goizean herriko ikastetxeekin aliantza-hitzarmenak sinatu ditu. Hain zuzen, Antoniano Ikastetxeak, La Salle Zarautz Ikastetxeak, Orokieta Herri Eskolak, Oteitza Lizeo Politeknikoak, Salbatore Mitxelena Ikastetxeak eta Lizardi Institutuak sinatu dute.

Aliantza-hitzarmena sinatuta, ikastetxeek bat egin dute Zarautz 2030 Plan Estrategikoak jasotzen dituen helburu eta erronkekin. Eta horren adierazle, jarraian zehazten diren bost konpromisoak hartu dituzte beregain: Plan Estrategikoak jasotzen dituen helburuak eta erronkak betetzen laguntzea; bere jardunarekin lerratzen diren Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeko urratsak ematea edota gogoeta eragitea; aliantza-hitzarmena irudikatzen duen elementua ikastetxean ikusgarri jartzea; komunikazio euskarri ezberdinetan aliantzaren berri ematea; eta, azkenik, eskola-komunitatean Zarautz 2030 Plan Estrategikoa azaltzen duen txostenaren formatu digitala e-postaz zabaltzea.

Xabier Txurruka alkatearen hitzetan, ikastetxeekin sinatutako hitzarmena “giltzarria da Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren bilakaeran. Etorkizuneko zarauztarrak Plan Estrategikoaren helburu eta erronketara gerturatu nahi baditugu, ezinbestekoa da ikastetxeekin elkarlanean aritzea. Hitzarmen hauek horretarako bidea ematen digute, zarauztar gazteak Garapen Jasangarriko Helburuetan hazi eta hezteko, alegia”.

Hezkuntza eragileekin sinatutako aliantza-hitzarmena etorkizunean etorriko diren beste batzuei atea zabaltzeko baliagarria izango dela adierazi du alkateak. “Horixe da Udalaren asmoa, aurrerantzean herriko beste eragileen konpromisoa lortzea eta, bide batez, Zarautz 2030 Plan Estrategikoak jasotzen dituen helburu eta erronkak guztion artean gauzatzea”. 

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude