2024/10/18
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Zarauzko Alkate Xabier Txurrukak Saila Salberdin eremuan eraikitzen ari den alokairuko 60 zuzkidura-bizitoki egiteko obrak bisitatu dituzte gaur goizean. Aipatuez gain, alokairu-erregimeneko babes ofizialeko 91 etxebizitza (BOEa) ere eraikitzen ari da, Visesa sozietate publikoak sustatuta. Bizitoki berrien barrualdea ere ikusteko aukera eman duen ekitaldi honetara bertaratu dira, halaber, Etxebizitza sailburuorde Miguel de los Toyos, Zarauzko Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi Garbiñe Oiarbide eta bi exekuzio-planetan murgilduta dauden enpresa ezberdinen zenbait ordezkari.
Zuzkidura-bizitokien proiektuko lanak oso aurreratuta daude eta, aurreikuspenen arabera, 2025eko hasierarako amaituta egongo dira eta urte horretako bigarren hiruhilekoan zehar beren maizterrei entregatuko zaizkie. Proiektuaren aurrekontua 6.882.894,28 eurokoa da eta bere xedea da bizileku-soluzio irisgarriak eskaintzea 36 urtetik beherako gazteei, Gipuzkoako udalerri honetako alokairu-eskaera arintzeko. Zuzkidura-bizitoki hauen funtsezko ezaugarria da aldi baterakoak direla. Itxasok aitortu duenez, “ekimen hauek Eusko Jaurlaritzak etxebizitza duin eta eskuragarriak egin eta gure hirien hiri-biziberritzea bultzatzeko duen konpromisoaren adierazle dira”. Eta aipatu du ere proiektu hauek oso garrantzitsuak direla Euskadiko etxebizitza-politikak sendotzeko.
Era berean, sailburuak gaineratu du “Udalarekin gauzaturiko lankidetza onari esker, Zarautzen pauso berri bat eman dela geroz eta pertsona gehiagori kalitatezko etxebizitza eskuragarri baterako sarbidea bermatzeko”. Bizitoki hauek beharrezko oinarrizko zerbitzu guztiak izango dituzte eta euskal Exekutiboak sustatzen dituen energia-efizientziako eta iraunkortasuneko estandarrak beteko dituzte.
Bestalde, Zarauzko Alkate Xabier Txurrukak adierazi du Etxebizitza Sailaren eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetzari esker etxebizitza publikoko promozio ezberdinak abiarazi direla azken urteotan, etxebizitza bat eskuratzeko Zarautzen dauden arazoei aurre egiteko. “Aldapeta izan zen lehena eta 60 zuzkidura-bizitoki eta alokairuko 91 BOE hauetaz gain, Lanpardo eta Irita udal-lursailak ere Eusko Jaurlaritzaren esku utzi ditugu, etorkizun hurbilean alokairu-erregimeneko 255 etxebizitza publiko berri eraiki daitezen Zarautzen”.
60 zuzkidura-bizitokietako hiruk bi logela dituzte (azalera osoa, 53,76 m²-koa gutxi gorabehera) eta beste 57ek logela bakarra dute (azalera erabilgarria 36,55 eta 51,02 m² artean, gutxi gorabehera). Azken horien artean, hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude (azalera erabilgarria 53,73 m²-koa, gutxi gorabehera). Honela, eta bizitoki horien espazioa eta pertsonako 15 m²-ko ratioa aintzat hartuz, hiru kide gehienez izango dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie bizitokiak. Pisu guztiek kanpora ematen duen terraza bat dute eta garaje eta trasteleku bana esleituta dute sotoan.
Halaber, kanpotik ireki daitekeen lokal bat ere dago beheko solairuan, bizikletak gordetzeko. Eraikinerako sarbidearen ondoan dago, portxe batek estalita. Sarbide horrek kalearen jarraipen gisa funtzionatzen du: atari zentral bat dauka, plazaren eta eraikinaren atzean dagoen kalearen arteko komunikazioa eta ikusgaitasuna errazten duena. Solairu guztiak bertikalki komunikatzen dituen erdiko patio baten inguruan egituratzen dira bizitokiak, eraikinaren espazio komunak ikusgai eginaz eta bizilagunen arteko interrelazioa erraztuz.
Energiari dagokionez, berokuntza eta etxeko ur beroko ekipamendurako energia-kontsumoa ahalik eta gehien murriztu eta energia asko aurrezteko planteatu da blokea.
60 zuzkidura-bizitokietako bat eskuratu ahal izateko baldintzak:
AZB horietako bat eskuratu ahal izateko, interesdunek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
- Altan egotea Etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroan, alokairuko eskatzaile gisa, Zarauzko udalerrian edo Urola Kostako eremu funtzionaleko udalerriren batean (Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia).
- Etxebideko inskripzioaren titularretako batek Zarautzen erroldatuta izan behar du Agindu hau argitaratzen den datan.
- 36 urtetik beherakoa izatea Agindu hau argitaratzen den datan. Inskripzioa batera egin bada, nahikoa izango da inskripzioaren titularretako bat 36 urtetik beherakoa izatea.
- 3.000 eta 43.753,71 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak izatea 2023. urteko errenta-ekitaldiari dagokion zergaldian.
- Bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonetako batek ere ezin izango du etxebizitzarik eduki jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean.
- 3 kide gehienez izango dituen bizikidetza-unitate bateko kide izatea.
Gaur goizeko bisitak, bestetik, Visesak Salberdin eremuko R-9 lursailean sustatu dituen alokairu-erregimeneko babes ofizialeko 91 etxebizitzen obrak ere ikuskatzeko balio izan du. Esku-hartzea Next Funtsen bidez finantzatu da eta alokairu-aukera eskuragarria eskainiko die interesatuta dauden familia eta pertsonei. Itxasok adierazi duenez, “alokairu sozialaren eskaintza areagotzea eta hiritarrei etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera bermatzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza publikoa sustatzeko politikaren barruan kokatzen da ekimen hau”. Itxasok, halaber, positiboki baloratu du promozio honi, udalerako interes edo erabilera berezikoa den heinean, Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergaren (EOIZ) hobaririk altuena, hau da, % 95eko hobaria aplikatzeko Zarauzko Udalak hartu duen konpromisoa.
Sustapenaren guztizko inbertsioa 20.386.905,15 eurokoa da: 3.997.584,00 euro Next Funtsek bermatu duten laguntzari (% 20) dagozkio eta beste 16.389.321,15 euroak (% 80) azalera-eskubidedunaren ekarpena dira. Cooperativa Arquitectos etxeak idatzi du proiektua eta eraikina (Amenabar eraikitzen ari da) egitura-fasean dago, 0 kotatik atera gabe oraindik.
Blokeak 8 solairu izango ditu eta ondokoak hartuko ditu: logela bakarreko 7 etxebizitza (azalera erabilgarria, 45 m² gutxi gorabehera), 65 m² inguruko azalera erabilgarria duten bi logelako 75 etxebizitza (horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta) eta 85 m² inguruko azalera erabilgarria duten hiru logelako 9 etxebizitza (horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta). Halaber, sarbidea arrapala bakar baten bidez izango duten hiru garaje independente izango ditu (134 aparkaleku guztira), bai eta trastelekuak ere -1 eta -2 sotoetan. Beheko solairuan 400 m²-ko lokal bat egongo da.
Ezaugarri teknikoak
Visesak garatu duen eraikina L itxurako etxadi irekiko motakoa da, sektorean aurreikusi den hirigintza-antolaketari erantzunez. Horren bidez soluzio trinko, ortogonal bat bilatu da, egokiro orientatua, barne-espazio uniformeak izango dituena eta egongela-sukalde-jangela hegoaldera, ekialdera eta mendebaldera ematen izango dituena, hurrenez hurren. Atari eta espazio komunetan, argitsuak, ikusgarriak diren eta segurtasun-sentsazioa emango duten ibilbideak lehenetsi dira, zokoak eta ikusgaitasunik ez duten puntuak saihestuz. Igogailu eta atondo-ate guztietan beirak jarriko dira, espazioen arteko ikusgaitasuna bermatzeko.
Instalazioei dagokienez, arreta berezia eskaini zaie eraikuntza-soluzioei, lehen mailako energia-kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko xedearekin.
Funtsean, sailburuak Zarautzera egin duen bisita Eusko Jaurlaritzak hirigintza-plangintza jasangarriarekiko duen konpromisoaren adierazle da. Horren eskutik, etxebizitzak eraikitzeaz gain gizarte-kohesioa eta bizilagunen ongizatea sustatuko dituzten bizileku-inguruneak ere sortu nahi dira.
Beste esku-hartze batzuk Urola Kostan
Arestian aipatu bi horiez gain, Sailak alokairu sozialeko beste 25 etxebizitza ere sustatu ditu Zarauzko Lanpardo lursailean (Azken Portu auzoa); bere proiektua esleitu berri da. Bestetik, Iritan (autopistaren sarreren alboan, Salberdin auzoaren ondoan dagoen eremua) alokairu-erregimeneko 130 BOE eta 100 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko espediente bat aztertzen ari da. 255 etxebizitza berri, guztira.
Eusko Jaurlaritzak, bestalde, beste udalerri mugakide batzuetan antzeko proiektuak sustatzen jarraitzen du. Orion, esaterako, alokairuko 46 BOE eraikiko dira eta dagoeneko esleipen-prozesua irekitzeko agindua eman da. Xedea da etxebizitza publikoen eta zuzkidura-bizitokien sarea handitzen jarraitzea, biztanleriaren beharrak bete ahal izateko.