“ENERGIA KOMUNITATEEN PROIEKTUA BULTZATU NAHI DUGU ZARAUTZEN”

Gloria Vázquez, Ingurumeneko zinegotzia, harremanetan egon da Mónica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariarekin, Zumarragan eta Larraulen dagoeneko aurreratuta dagoen energia-komunitateen eredua Zarautzen nola ezarri aztertzeko. Izan ere, PSE-EEren ustez, funtsezkoa da denborarik galdu gabe energia-trantsizioari ekitea eta, bide horretan, atmosfera isurien bidez kutsatzen duten energia-iturri fosilen ordez, energia berriztagarriak erabiltzea klima aldaketa geldiarazteko.

Hala, Zarauzko energia-komunitateen proiektu baten bideragarritasuna bultzatzeko eta aztertzeko lehen urratsak egiten ari dira udal-gobernuan. Proiektu horri esker, ingurumen-hobekuntzez gain, zarauztarren argiari dagokion %20 inguru aurreztuko litzateke urtean, energia-sistemako bitartekaritza kenduko baita eta energia berriztagarriaren erosketa mankomunatuak  eskaintzen dituen abantailengatik.

                Ohar baten bidez, Zarauzko PSE-EEko bozeramaileak adierazi du ekimen honek herriko udal teilatuak aprobetxatu nahi dituela plaka fotovoltaikoak jartzeko. Plaka horien ekoizpen elektrikoa zuzenean bideratuko litzateke inguruko etxebizitza eta dendek osatuko luketen komunitatera. Proiektu honen bidez energia-sistema aldatu nahi da eta, aldi berean, autokontsumoa bultzatu eta, hartara, herritarren elektrizitate-faktura murriztu.

                    Gainera, Pedro Sanchezen Gobernuak energia-komunitateen sorrera sustatzeko diru-laguntzen deialdia argitaratu berri du. Beraz, momentu egokia da proiektu hau martxan jartzeko eta Zarauzko herriak Espainiako Gobernuaren laguntza hauen onuradun izateko. Horrek instalazioen %60ko aurrezpena suposatuko luke.

Esaterako, 300 plaka fotovoltaiko jarrita, energia berdea eman dakieke 175 etxe eta denda txikiri autokontsumo erregimenean. Modu honetan, faktura elektrikoan aurrezteaz gain, “25 urtean zehar km0-ko energia deskarbonizatuko 2.880 MWh sortuko lirateke. Hala, atmosferara 1.028 tona CO2 isurtzea saihestuko litzateke, hau da, udalerrian aireko CO2a xurgatuko luketeen 4.110 zuhaitz landatzearen parekoa”, azaldu du. Proiektu hori beharrezkoa da eta Udala lantzen ari den ingurumen-politiketan “ezin hobeto” egokitzen da, “klima-aldaketaren eta berotze globalaren aurka borrokatzeko eta ingurumena errespetatzen duen Zarautz lortzeko”. Gainera, udalaren energia-menpekotasuna murriztuko litzateke.

Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, Jose Ignacio Asensioren departamentuak Foru Aldunditik bultzatzen ari den energia komunitateen proiektu honek herritarrak jartzen ditu energiaren kudeaketaren erdigunean, horren kontrola hartuz eta energiaren ekoizpen eta kudeaketaren kontzepzio berri bat bultzatuz. Haren ustez, jauzi kualitatiboa eta ereduaren iraultza da, herritarrek toki mailako trantsizio energetiko batean parte hartzea sustatzen delako, Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Iraunkorrerako Helburuetan laguntzen den bitartean, hiri-kokaleku inklusiboak, erresilienteak eta jasangarriak lortzeko.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude