“EMAKUMEOK LEHEN LERROAN, KIROLEAN ERE BAI“ LABURMETRAIA ETA ONDOREN SOLASALDIA MODELO ARETOAN

2026/06/10

Ekainaren 11n, 18:30ean, Zarauzko Modelo Aretoan “Emakumeok lehen lerroan, kirolean ere bai” ekitaldia izango da. Laburmetraia Zarauzko Udaleko Berdintasun Departamentuak sustatutako ekimena da. Martxoaren 8ko astearen harira, herriko hainbat kirol talderekin elkarlanean garatu da proiektua, emakumeek kirolean duten presentzia eta ekarpena ikusgarri egiteko helburuarekin.

Laburmetraia osatzeko, hainbat kirol talderen entrenamenduak grabatu dira, besteak beste, Zarautz Kirol Elkartekoak: futbola, halterofilia, saskibaloia, eskubaloia. Emakume palisten taldekoak, Irristaketa taldekoak, Judo Lizardiko taldekoak, Izeta harri-jasotzaileen taldekoak, Emakumeen Etxeko korrikalari taldekoak; Igeriketakoak kiroldegian eta Zarauzko Surf Elkartekoak.

Kirol modalitate desberdinetako emakumeen egunerokoa erakutsiz, laburmetraiak emakume kirolarien ahalegina, konpromisoa eta lorpenak lehen lerrora ekarri ditu, baita kirolaren esparruan oraindik dauden genero-desberdintasunei buruzko hausnarketen ikusarazpena ere.

Emanaldiaren ondoren, emakumeek kirolean bizi dituzten esperientziak, erronkak eta aukerak izango dira hizpide solasaldian. Bertan parte hartuko dute Malen Monasteriok (ZKE halterofilia), Karmele Makazagak (Zarauzko eskubaloi jokalari profesional ohia) eta Maddi Sukuntzak (kirolzale eta Emakumeen Etxeko korrika taldearen dinamizatzailea), eta saioa Nahia Sillero aktore eta aurkezleak dinamizatuko du.

“Ekitaldiaren helburua da emakume kirolarien errealitateak ezagutaraztea, erreferente berriak ikusaraztea eta kirolaren esparruan berdintasunaren alde egiten ari den bidean sakontzea. Horretarako, herritarrak gonbidatuta daude laburmetraiaren emanaldira eta ondorengo solasaldira bertaratzera. Ekitaldiak opari txiki bat ere gordetzen du”, azaldu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak.

Bere aldetik, Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Kirol zinegotziak  eskerrak eman nahi izan dizkie “proiektuan parte hartu duten kirol talde, kirolari eta eragile guztiei, haien inplikazioari esker posible izan baita emakumeek kirolean egiten duten ekarpena modu kolektiboan ikusaraztea”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude