ANIMALIEN ONGIZATEKO ETA BIZIKIDETZAKO ORDENANTZA BERRIAREN BIGARREN BILERA PARTE-HARTZAILEA EGINGO DU ZARAUZKO UDALAK IRAILAREN 15EAN

2026/09/11

Zarauzko Udalak aurrera darama herriko animalien ongizaterako eta bizikidetzarako ordenantza berria garatzeko prozesu parte-hartzailea. Uztailaren 27an egindako lehenengo aurkezpen-bileraren ostean eta herritarren zein eragileen lehen ekarpenak jaso ondoren, bigarren bilera irekia deitu du Udalak datorren astearterako, irailak 15. Bilera Etxezabalako Bilera Aretoan (Kale Nagusia, 29) izango da, 18:00etan.

Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Animalien Ongizateko zinegotziak lehenengo bilerara bertaratu zirenen inplikazioa eskertu du, eta prozesuan modu aktiboan parte hartzen jarraitzeko deia egin du: “Lehenengo bileran eta ondorengo asteetan jasotako ekarpenak oso baliotsuak izan dira abiapuntu gisa. Orain, jasotako horri guztiari forma ematen hasteko unea da; Zarauzko errealitatea islatuko dituen araudi bat lortu nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da herritarrekin eskuz esku eraikitzen jarraitzea”.

Bigarren lan-jardunaldi honen helburu nagusia orain arte jasotako proposamenak partekatzea eta, lankidetzaren bidez, ordenantza berriari forma ematen hastea izango da. Saio honen ostean, parte-hartze prozesuak martxan jarraituko du araudia behin betiko idatzi aurretik herritarren ekarpen gehiago biltzeko.

Lehen saioan bezala, prozesuaren gidaritzaz eta koordinazioaz Think in Green Global enpresa arduratuko da, eta Sergio Torres Animalien Ongizateko zuzendari nagusi ohiaren zuzendaritzapean bideratuko da. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko, aldibereko interpretazio-zerbitzua kontratatuko du Udalak.

Udalak berriro gogorarazi du deialdia irekia dela herritar guztientzat, eta bereziki gonbidatu ditu animalien babesean diharduten elkarteak, alderdi politikoak eta herriko katu-kolonietako zaintzaileak.

DEIALDIAREN XEHETASUNAK:

•    Ekitaldia: Animalien ongizateko eta bizikidetzako ordenantza berriaren prozesu parte-hartzailearen 2. bilera. 
•    Eguna: Datorren asteartea, irailak 15. 
•    Ordua: 18:00etan. 
•    Tokia: Etxezabalako Bilera Aretoa (Kale Nagusia, 29, Zarautz). 

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude