2026/04/24
Datorren asteburuan, maiatzaren 1, 2 eta 3an Zarautz Familia Giroan ekimenaren bostgarren edizioa ospatuko da, Zarauzko Turismo departamentuak antolatuta, Udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Ingurumen departamentuekin elkarlanean, eta Zurekin Zarauzko Ostalarien elkartearen, Murkil Zarauzko dendarien elkartearen eta Merkatu Plaza Bizirik elkartearen laguntzarekin. Ekimen honen helburua da gure herriaz familian gozatzea eta, horretarako, hainbat ekitaldi izango dira.
Aurreko lau edizioetan bezala, Udalak asteburu guztian zehar egitarau berezia prestatu du Zarauzko herriak eskaintzen dituen elementuez gozatzeko: natura, bisita gidatuak, magia emanaldia, puzgarriak…
“Udaleko Turismo departamentuak gidaturiko lanketari esker, gure herria erreferente bihurtu da familia turismoaren arloan. Estrategia honen baitan, Zarautz Familia Giroan ekimena, gure herriak familiei eskaintzen dien aukeraren erakusleiho argia da”, azaldu du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak. “Departamentuak lan handia egin du azken urteetan herriko elkarte, jatetxe, ostatu eta gainontzeko eragileekin elkarlanean, herriko familien zein gugana datozenen esperientzia ahalik eta onena izan dadin”.
Bestalde, udalak ekimen hau baliatu nahi du dibertsitate funtzionala duten haur eta/edo familien beharrei erantzuteko; hori horrela, antolatu diren ekitaldi eta aktibitateen artean, jarduera batzuk egokitu ahal izango dira, hala nola, ‘Sendabelarren koadernoa tailerra’ eta ‘Sukaldaritza tailerra’. Zuk edo zure haurrek behar bereziren bat baduzue, jarri harremanetan Turismo Bulegoarekin apirilaren 28a baino lehen, (Kale Nagusia, 30 – 943 83 0990). Puzgarri irisgarriak Lege Zaharren enparantzan egongo dira. Zarauzko Udalak familia mota guztiak animatzen ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera.
Azpimarratu beharra dago jarduera hauetako batzuk aforo mugatua dutela eta beharrezkoa izango dela aurrez Turismo Bulegoan izena ematea (943830990 edo turismoa@zarautz.eus). Informazio guztia www.turismozarautz.eus helbidean aurki daiteke.



