AISIALDI GUNE BERRIA ZABALDU DU ZARAUZKO UDALAK VISTA ALEGRE PARKEAN

Aisialdi gune berria zabaldu du Zarauzko Udalak Vista Alegreko parkearen baitan. Bertan, naturan integraturiko lau elementu aurki daitezke: tirolina bat, txirrista bat eta bi sare gune. Elementu hauek 14 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta daude.

Aisialdi gune honen irekierarekin, Vista Alegreko parkean azken urteetan Agenda 21 Departamentuak egin duen proiektuari amaiera ematen dio. Parke honi merezi zuen garrantzia emateko, berreskuratze lanak egin dira bertan eta duela bi urte amaitu ziren lan hauek, Foru Aldundiaren ingurumen departamentuaren laguntzaz. Ondoren, Vista Alegreko auzotarrekin egindako bileretan adosturiko beste bi proiektu jarri ziren martxan: alde batetik, Vista Alegreko kirol gunea ezarri zen duela urtebete, eta bestetik, gaur aurkeztu den umeentzako aisialdi gune hau.

“Zarautzen dagoen espazio politenetako eta berezienetako bat da parke hau. Bertan espezie desberdin asko aurki ditzakegu” adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen eta Agenda 21 zinegotziak. “Kontuan hartu beharra dago Vista Alegreko parke hau Zarauzko Eraztun Berde Urdinaren barruan interes gune bezala ezarrita dagoela, eta baita ere Natura 2000 sarean kokatuta dagoela”.

“Gure helburua da Agenda 21 departamentuan honelako guneak berreskuratu eta zaintzea eta Eraztun Berde Urdinaren bitartez zarauztarrei naturan jarduerak egiteko beste alternatiba bat eskaintzea”.

Eraztu Berde Urdinaren mantenua

Eraztun Berde Urdineko guneak behar den moduan mantentzeko asmoz, Txukun Larazaintza SL enpresa arduratuko da hemendik aurrera ibilbide honen guneak eta bideak mantentzeaz.

“Orain arte Udal baliabideak erabiliz egiten ziren mantenu lan hauek behar zirenean, baina uste genuen ezinbestekoa zela beste pausu bat ematea eta Eraztun Berde Urdinera bideratutako mantenu zerbitzu propio bat edukitzea” azaldu du Ingurumen zinegotziak. “Mantenu zerbitzu honen bitartez Eraztuneko ikuskaritza, garbiketa eta konponketa lanak egingo dira”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude