2026/02/11
Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan lehen mailako kirol ekitaldi baten lekuko izango da datorren apirilaren 11n. Andoni Iruretagoiena, Izeta VI.a marka ezartzeko lanetan arituko da. Lan hauen baitan, 100 kiloko harri esferikoari 50 altxaldi egin, hamar kanaerdiko moztu eta bost kilometro korrika egin beharko ditu lau aldiz Euskal Pentatloiko txapeldunak.
Pasa den abenduan apustu honetarako arerio baten bila izan zen Izeta, baina azkenean ez zen inor interesatu. Hori dela eta marka egitea erabaki du Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan.
Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Kirol zinegotziak nabarmendu du oso garrantzitsua dela horrelako erronkak espazio publikora hurbiltzea: “Kirola kalean ere bizitzea nahi dugu, partekatutako espazioetan, eta herritarrek herri-kirolen moduko diziplinez zuzenean gozatzeko aukera izatea. Gure plazan Andoniren mailako kirolari bat izateak, marka historikorik onena bilatzeko helburuarekin, Zarautzek kirolarekin eta gure tradizioekin duen konpromisoa indartzen du”.
“Helburua oso argia da: 100 kiloko harri esferiko bat 50 aldiz altxatzen, hamar kanaerdiko mozten eta bost kilometroz korrika egiten marka historiko onena ezartzea», adierazi du Andoni Iruretagoienak. “Zarauzko Lege Zaharren Enparantza bezalako leku batean egiteak, publikoa hain gertu izanda, esanahi berezia eta motibazio berezia ematen dio”.
Ekitaldia irekia, doakoa eta jende guztiarentzat pentsatua izango da, plaza kirolaren, tradizioaren eta herritarren arteko topagune bihurtzeko asmoz. “Jendearen babesak pixka bat gehiago bultzatzen du beti, eta ahalegina partekatutako zerbait bihurtzen du”, gehitu du Iruretagoienak berak, eta herritarrak apirilaren 11n hurbiltzera animatu ditu.

