2023/12/14
Datorren ostiralean, abenduak 22, Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak abian jarritako Loturak Emakumeok ekimenaren azken saioa izango da. Urrian ezagutzera eman zen proiektu honen helburua emakumeen arteko loturak sortzea da, zehazki, beste herrialde batzuetatik iritsitako emakumeen eta bertako emakumeen artekoak.
“Emakumeak euren jatorrizko herrialdeetatik Zarautzera iristen direnean nola sentitzen diren jakin nahi dugu, baita nola hartzen ditugun ere, azken batean, harrera-prozesu horiek hobetzeko eta gizartea sentsibilizatzeko helburuarekin, emakume horiek gure artean nola hartzen ditugun kontuan hartzearen garrantziaz ohartarazteko; izan ere, emakume horientzat ez da erraza izan etxetik irtetea eta haientzat ezezaguna den leku batera iristea”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak.
Moviltik entitateak diseinatu duen proiektua Portugaleten eta Getxon jarri zen abian, eta orain Zarautzen ere garatu da. Aurkezpen-saioan eta ondorengo hiru saioetan 15 emakumek hartu dute parte. “Moviltik-eko taldeak sortzen jakin duen giro bero eta atsegina nabarmendu nahi dut, parte-hartzaileak Zarautzera iristean sentitzen dutena adierazteko libre sentiaraziz”, gehitu du Parekidetasun zinegotziak.
Parte-hartzaileek proiektuaren balorazio positiboa ere egin dute. Komunikazio arina izan da, eta, horri esker, esperientziak eta, batez ere, emozioak partekatu ahal izan dira, segurtasun- eta errespetu-espazio batean.
Orain, bilera horietan ateratako ondorioak gizartearekin partekatzeko unea iritsi da, eta, horretarako, 10 bideo eta 11 kontakizun egin dira, Zarauzko herri osoari erakutsiko zaizkionak. “Gauza horiek hain dira bereziak eta benetakoak, non partekatu egin behar diren, une hobeak, positiboagoak eta pertsonak integratzeko gogoa sor ditzaten”, amaitu du Vazquezek. “Azken finean, sarea egitea eta emozio positiboak sustatzea da kontua, guztiok zoriontsuagoak izan gaitezen”.
Datorren ostiralean, abenduaren 22an, arratsaldeko 18:00etan, ekimen honen azken saioa egingo da bideoak proiektatzeko eta kontakizunak aurkezteko. Hitzordua Emakumeen* Etxean izango da eta ekimen honetan interesa duten guztiei irekita egongo da.