2023/09/28
Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamenduak irailean antolatutako ekintzei jarraipena emango die urrian. Hala, guztira, 4 jarduera berri antolatu dira udazkeneko lehen hilabete honetarako Emakumeen* Etxean.
Gloria Vazquezek (PSE-EE), Parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, helburua nagusia elkartzea eta hausnartzea da: “Emakumeen* Etxean elkarren arteko loturak eta dinamikak sortzeko asmoarekin antolatu ditugu ekimen hauek. Baita, Zarauzko emakumeak* ikusarazteko eta indarkeria matxistaren biktimak kontuan izan eta hartatzeko, eta Emakumeen* Etxean laguntza aurkitu dezaketela jakitera emateko”.
Ekimen hauetako batzuek egiteko kafe-tertulia formatua aukeratu da. “Irailean egin genuen lehenengoa, zahartzaroan garatzen ditugun harremanei buruz hausnartzeko. Hala, urrian, beste bi proposatzen ditugu; lehena, zahartzaroan sortzen diren familia harremanei buruzkoa eta, bigarrena, indarkeria matxistari buruz. Mota askotako biktimak daudela kontuan hartuta, indarkeria psikologikoa zein fisikoa landuko dira, baina baita ekonomikoa, bikaria, sexuala edo indarkeria sexista ere”, azaldu du Vazquezek.
Tertulia horiez gain, Karmele Aguirrezabala Mundiñano emakume zarauztarrak idatzitako liburuaren aurkezpena izango da eta, bertan, idazlearen ama eta amonaren inguruko bizipen bereziak azalduko dira, garai hartako testuinguru sozialean murgilduta. Azkenik, ‘Loturak Emakumeok’ ekimena aurkeztuko da, hain zuzen ere, emakume migratzaile eta errefuxiatuen integrazio errealitatea ezagutzeko eta tokiko emakumeekin elkargunea sortzeko.
Informazio gehiagorako: www.emakumeenetxea.zarautz.eus
Izen emateak: berdintasuna@zarautz.eus / 943 00 51 17