2023/08/04
Zarauzko Udalak iaz 6 berdegune egokitu zituen iaz, txakur parkeak jartzeko: txakurrak askatzeko espazioak, bertan korrika egin eta euren artean harremantzeko, udal ordenantzak herrigunean txakurrak lotuta eramateko derrigortasuna ezartzen baitu. Ekimen horrekin jarraituz, Astiko txakur parkean ‘agility’ estiloko zirkuitu bat jarri du Udalak.
Animalien Ongizateko zinegotziak, Gloria Vazquezek (PSE-EE) adierazi duenez, “arlo honetako arduradun bezala, txakurrei korrika egin eta euren artean harremantzeko espazioak eskaintzea beharrezkoa dela uste dut, baina, era berean, espazio hauetatik kanpo lotuta eramatearen garrantzia azpimarratu nahi dut, bai bizikidetzarako, baita animalien segurtasunerako ere. Orain Astiko parkean Agility zirkuitu bat jarri dugu, hainbat txakur jabeek hala eskatuta. Eskerrak eman nahi dizkiet zirkuitu hau modu egokienean jartzeko laguntza eskaini duten boluntarioei”.
Vazquezek azaldu duenez, hautatutako parkea Astikoa izan da, Frantzeskuakoarekin batera handiena delako eta itzal guneak dituelako, iturri bat jartzeko aukeraz gain: “Instalazio honekin aukera ematen diegu txakurrei jolasteko eta jarduera fisikoa egiteko. Zirkuituak hainbat elementu ditu: pasarela bat, slalom bat, tubo bat, mahai bat, oholesi bat eta hiru elementu saltoak egiteko. Udazkenean, zirkuituan bertan, klase praktiko batzuk emateko asmoa dugu, elementu hauek erabiltzen ikasi eta euren txakurrekin gozatu nahi duen pertsona orori zuzendua”, aurreratu du Animalien Ongizateko arduradunak. “Horrez gain, banku bat jarri dugu parke honetan eta, beste bi, Frantzeskuako eta Iritako parkeetan”.
Azkenik, Vazquezek parke bakoitzaren sarreran kokatutako paneletan jasotzen diren erabilera arauak betetzearen beharra gogorarazi du: “Oso garrantzitsua da bi ateak itxita egotea animalien segurtasuna bermatzeko, baita kakak jaso eta kanpoko zaborrontzietan botatzea ere. Gogoratu, baita, txakurrek espazio hauetatik kanpo lotuta joan behar dutela, alde batetik, pertsonekin arazoak ekiditeko, baina baita animalien ongizatea bermatzeko ere; izan ere, beste txakurrekin liskarrak izan ditzakete edo auto batek harrapatu ditzake. Gure animaliekin gozatzea eta bizikidetza bermatzea posible da, denok arauak betetzen baditugu. Parke hauen kokapenak baliabideak eskaini nahi ditu horretarako”.