ZARAUZKO UDALAK AMAITUTZAT EMAN DU IRITAKO HEZEGUNEA BERRESKURATZEKO OBRA

2023/07/26

Aste honetan bertan amaitu dira Iritako hezegunea handitzeko lanak, eta dagoeneko ireki da pasealeku berria. Obra honen helburu nagusia hezegunearen azalera handitzea da; horretarako, kota jaitsi da, eta 6.500 m² gehiago lortu dira lezkadia heda dadin. Hau ekosistema garrantzitsua da hegazti migratzaileentzat, Zarauzko hezeguneetan atsedenleku bat baitute migrazio-ibilbidean. Hala, biotopoak, Iritak eta Astik osatutako hezeguneak balio ekologiko handiko guneak dira, eta nahitaez zaindu behar ditugu.

“Gogoratu behar da espazio horiek biodibertsitate handia dutela, eta espezie asko daudela bertan, batzuk galtzeko arriskuan ere bai, hala nola Astiko Hibiscus palustris espeziea edo hegazti-espezie batzuk. Iritan 244 hegazti-espezie ezberdin behatu dira, eta horrek biodibertsitatean duten garrantziaren berri ematen digu”, azaldu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Gainera, hezeguneak oso garrantzitsuak dira klima-aldaketari aurre egiteko; izan ere, karbono-hustubide garrantzitsuak dira eta marearen igoera xurgatzen dute, uholdeak saihesten lagunduz. Bizi dugun larrialdi klimatikoko garai honetan, ahalegin handiagoa egin behar dugu gure espazio naturalak eta biodibertsitatea babesteko”.

Hezegunea lehengoratzearekin batera, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat egin da, Itxasmendi auzoa autobideko biribilgunearekin lotzeko, Asti errekaren gainean egurrezko zubi bat jarri da, bai eta hegaztientzako behatoki bat. Zuhaixkak landatu dira lezoietan, eta behatoki ondoko zabalgunean zuhaitzak landatuko dira: 140 lizar, haltza, sahats eta hurritz. Horiek ere babesleku izango dira eremu horretan bizi diren hegazti askorentzat, eta itzala eta CO2 xurgatzea ere ekarriko dute. Landaketak garairik egokienean egingo dira, haien garapena errazteko.

Zubiaren ondoan ibaiaren eskuinaldean geratzen zen horma ere kendu da, hegaztientzako 6 pausaleku eta Martin Arrantzalearentzat habia kaxa batzuk jarri dira. Iparraldean eta ekialdean dauden mendixken helburua hezegunea errepideetako zaratatik babestea eta faunarentzako ingurune segurua sortzea da, ekosistema hori garrantzitsua bezain kaltebera baita.

Obrari berari dagokionez, informazio-panel bat instalatzea eta haren jabe den enpresak kablea kentzea besterik ez da falta. Lan hauetaz haratago, hesi bat jarriko da hezegunearen perimetroan, Itxasmendiko gunean, zaborra eror ez dadin.

“Gune honen mantenua Eraztun Berde Urdinaren mantenimenduaren kontratuaren baitan, honen interesgune garrantzitsuenetako bat baita. Gogoratu nahi dut hilero hainbat ikuskapen egiten ditugula Eraztun osoan, eta atzemandako akatsen zuzenketak egiten ditugula, bai zaborrei dagokienez, bai seinaleei, bidezidorretan egindako konponketei edo sastrakak kentzeari dagokionez, etab.”, gehitu du Vazquezek. “Itxasmendi auzoak asko irabazi du hezegunearen berroneratze honekin, baita Zarautz osoak eta ingurumenak ere. Herritarrak gonbidatzen ditut bisitatzera, gozatzera, hezeguneek ekartzen dizkiguten aberastasun eta onura guztiak ezagutzera eta, batez ere, zaindu eta errespetatzera”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude