ZARAUZKO IKASTETXEEK ELKARRETARATZEA EGINGO DUTE AZAROAREN 25EAN

2022/11/22

Azaroaren 25eko Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Hezkidetza Foroak antolatuta, goizeko 11:15ean, Zarauzko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek elkarretaratzea egingo dute udaletxe parean.

Hezkidetza Foro hau Berritzeguneak antolatzen du eta bertan parte hartzen dute inguruko udalerrietako Parekidetasun departamentuek.

Ekimen honetan, hezkuntza-komunitateko kideek indarkeria matxistaren gaitzespena adieraziko dute. Guztira, Zarauzko zazpi ikastetxeetako 1050 ikasle inguru elkartuko dira ostiral eguerdian Lege Zaharren Enparantzan. Zarautzen ez ezik, ordu berean, Zumaian, Orion eta Aian ere gauzatuko dira elkarretaratze hauek.

“Ekimen honen bitartez ikastetxe eta Udalek indarkeria matxistarekin bukatzeko garatzen dugun lana gizartearekin elkarbanatu eta guztiontzako tratu onak aldarrikatu nahi ditugu”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak.

Elkarretaratzen honetan ikastetxeetako ordezkariek Indarkeria Matxistaren aurkako manifestua irakurriko dute eta, denen artean, gaiaren inguruan Aner Peritz bertsolariak sorturiko bertso bat abestuko da.

Bestalde, Azaroaren 25erako antolaturiko ekitaldiekin jarraituz, ‘El Acusado’ filma proiektatuko da Modelo Aretoan 20:00etan (sarrera 5,5 €). Larunbatean, aldiz, indarkeria matxistaren biktimak aitortzeko ekitaldia egingo da Belauntzaran Plazan (Emakumeen* Etxearen parean, 13:00etan).

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude