UDALAK ZARAUZTARREN ESKURA JARTZEN DITU EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIARI AURRE EGITEKO TRESNA ETA ZERBITZUAK

2021/11/25

Gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak egoera larri honi aurre egiteko eskaintzen dituen zerbitzu eta tresnak gogoratu ditu.

“Emakumeen kontra burutzen den indarkeria matxista guztiz onartezina da eta arazo hau ekiditeko herritar guztion konpromisoa eta parte hartze aktiboa beharrezkoa da” adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. 2020. urtean Zarautzen gertatutako indarkeriazko 43 kasu berri ezagutu ditugu. Halere, badakigu indarkeria matxista jasaten duten emakume askok ez dutela jotzen erakundeetara laguntza eskatzera, beraz biktimen kopurua askoz altuagoa dela aurreikusi dezakegu”.

Parekidetasun departamentutik indarkeria jasaten duten emakumeak laguntza eskatzera Emakumeen etxera edo Gizarte zerbitzuetara etortzera animatu nahi dira. Egoera honen aurrean, arazo honi aurre egiteko Udalak dituen baliabideak hauek dira:

–    Informazioa eta aholkularitza
–    Laguntza psikologikoa eta juridikoa
–    Talde terapia
–    Dirulaguntza ekonomikoak
–    Harrerako etxebizitza

Bestalde, larrialdi egoera batean laguntza eskatzeko ‘ERASTOP’ aplikazioa erabilgarri dagoela gogorarazi nahi dugu. Aplikazio hau mugikorrean deskargatu daiteke eta bi funtzio nagusi ditu: “Eraso bat jasaten ari naiz” botoia eta “Lagundu nazazu” botoia. Lehena sakatuz gero, Udaltzaingoak berehala jasoko du erabiltzailearen kokapena eta laguntzera bertaratuko da.

Bigarrena sakatuz gero, abisua norberaren kontaktu zerrendara bidaliko da eta zerrendako edozein pertsonak birtualki lagunduko zaitu joan nahi duzun lekura iritsi arte. Aplikazioa doakoa da eta interneten deskargatu daiteke.

Aldi berean, Mugikortasun departamentuak ezarritako gaueko taxi-bus zerbitzua martxan dago urte osoan zehar, asteburuetan eta jai egunetan. Zerbitzu hau Zarautz barruan mugitzeko izango da, eta erabiltzeko interesa dutenek, aldez aurretik, tiket bat hartu beharko dute Udaltzaingoaren bulegoetan. Pertsonako 2 euroko prezio sinbolikoa du; eta 3,5 eurokoa, baldin zerbitzua Talaimendi goiko aldera iristen bada.

Zerbitzua Zarauzko udalerriaren eremuan ematen da, 01:00etatik 05:00etara, eta geltokia Udaltzaingoaren eraikinaren parean dago.

Hau da hemendik urtea amaitu arteko taxi bus zerbitzuaren egutegia:

– Azaroa: 28
– Abendua: 4, 5, 6, 7, 11, 18, 25.

Indarkeria Matxistari buruzko VI. Jardunaldien amaiera

Bukatzeko, eta aurten antolatu diren Indarkeria Matxistari buruzko VI. Jardunaldiei amaiera emateko, gaur “No tengas miedo” pelikula ikusteko aukera izango da Modelo Aretoan arratsaldeko 19:00etan. Film honetan haurren sexu-abusuaren gai zaila lantzen da: aita batek 5 urteko bere alabari egiten dizkion abusuak (intzestua), 25 urte betetzen dituen arte.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude