Gloria Vázquez Herranz. Berdintasunerako zinegotzia.
14 urteko neska bat kaletik bakarrik dabil udazkeneko arratsaldeko zazpietan. Bere aitona izan litekeen agure bat hurbiltzen zaio: “Zenbat urte dituzu? Ez al duzu hotzik? Dagoeneko mutilekin gauzak egingo dituzu, ezta?” Beldurtu eta alde egiten du. Neska bat dibertitzen ari da taberna batean bere lagunekin, tipo bat atzetik pasatzen da, bizkar parean jarri eta zirri egin dio ipurdian. Goizaldean neska gazte bat kalean bakarrik dator etxera; izkina batean tipo batek esan dio: “nik errepaso on bat emango nizuke, zer den ona jakin dezazun”, eta ikaratuta alde egin du korrika. Beste neska bat lagun batekin etxera joan da, elkarri musuka hasi dira, baina neskak alde egin nahi duenean, mutilak jarraitu nahi du eta bortxatu egin du. Emakume bat izututa dago senarrak atea noiz irekiko duen zain, umore onez iritsi dela egiaztatu duen arte. Horregatik pentsatu zuen gau hartan ez zela garrasirik ez kolperik izango… Poliziak hainbat labankada zituela aurkitu zuen emakumearen gorpua.
Emakume guztiok jasaten dugu indarkeria, neurri handiagoan edo txikiagoan, ikusezin bihurtzea, gutxiespena eta mespretxua ahaztu gabe. Adibidez, zuzendari andrea bere laguntzailearekin aretoan sartzen denean eta lehendakariak ezer galdetu gabe, honako hau esanez eskua ematen dionean: “Zuzendari jauna, pozten naiz zu ezagutzeaz”. Edo komunikabideek surflaria olatuak hartzen ari denean zein sexi eta zein ondo geratzen zaion bikinia esaten dutenean.
Hau guztia gaur egun gertatzen da.
Emakumeen aurkako indarkeriak forma asko ditu, larriak edo ez hain larriak, baina matxismoa da horien guztien iturria. Aurrera goaz, zalantzarik gabe, baina asko dago oraindik egiteko. Beharrezkoa da gizonek matxismoa ez onartzea, besteena nahiz norberarena, eta emakumeok ahalduntzea eta diskriminazioei aurre egiten ikastea. Harreman pertsonal eta sozialen beste eredu bat behar dugu, errespetuan eta tratu onean oinarritutakoa. Eta ez badago, eraiki egingo dugu.