ZARAUTZ 2030 PLAN ESTRATEGIKOA ERATZEN HASI DA ZARAUZKO UDALA

2021/10/15

Zarauzko Udalak Zarautz 2030 Plan Estrategikoa jarri du abian. Plana Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda ekintza-planarekin bat etorriko da. Egitasmoa pobreziari amaiera eman, planeta babestu eta mundu osoko pertsonen bizitza eta etorkizuna hobetzeko ekintzarako dei unibertsala da.

2030 Agenda garapenerako nazioarteko agenda berria da, Nazio Batuetan onartua. Agenda honen helburua mundu osoan giza garapen jasangarriaren alde borrokatzeko tresna bat izatea da, eta pobrezia errotik desagerraraztea, ahultasunak eta desberdintasunak murriztea eta jasangarritasuna sustatzea. Agenda unibertsal horretan 17+1 helburu zehazten dira, Garapen Jasangarrirako Helburuak izenekoak (GJH):
 
1. Pobrezia desagerraraztea
2. Goserik ez
3. Osasuna eta ongizatea
4. Kalitatezko hezkuntza
5. Genero-berdintasuna
6. Ur garbia eta saneamendua
7. Energia irisgarria eta ez kutsagarria
8. Lan duina eta hazkunde ekonomikoa
9. Industria, berrikuntza eta azpiegitura
10. Desberdintasunak murriztea
11. Hiri eta komunitate jasangarriak
12. Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak
13. Klimaren aldeko ekintza
14. Itsaspeko bizitza
15. Lehorreko ekosistemetako bizitza
16. Bakea, justizia eta instituzio sendoak
17. Helburuak lortzeko aliantzak
18. Hizkuntza eta kultur aniztasuna
 
Garapen Jasangarriko Helburu horietako bakoitzak helburu eta mugarri batzuk ditu, eta horiek betetzearen jarraipen hurbila egiteko balioko dute.

Zarautz 2030 Plan Estrategikoa XXI. mendeko bigarren hamarkadako plan, helburu zehatz eta partekaturako ibilbide orria bilakatuko da. Herria eraikitzeko tresna baliagarria. Etorkizuneko Zarautz definituko duena, helburuak eta ideiak partekatuz: herritarrak, enpresak, eragileak, elkarteak… Finean, Zarautzen dauden sektore ezberdinak parte hartuko dute prozesuan.

Hasierako fasea: hausnarketa-prozesu parte hartzailea

Zarauzko herriak definituko du nolako herria nahi duen. Non gauden diagnostikatuko da, nora iritsi nahi den eta nola. Urte bete iraungo duen hausnarketa prozesua abian jartzen da. Zarautz 2030 Plan Estrategikoak egin nahi den herria pentsatu, diseinatu eta errealitatera eramango duen egitasmoa da. Herri moderno, jasangarri, garatu, irisgarri, inklusibo edota anitza helburu. Herri orekatua.

Zarautz 2030 Plan Estrategikoak hiru ardatz nagusik sostengatuko dute: lan teknikoak, parte hartzeak eta komunikazioak. Une honetan, Zarautz 2030 Plan Estrategikoa hasierako fasean barneratuta dago bete betean: hausnarketa prozesu parte hartzailea. Prozesu horretan lan teknikoa, parte hartzea eta komunikazio lanak egiten ari dira.

Proiektuak hiru mugarri nagusi ditu: diseinua, diagnostikoa eta ekarpen txostena eta plana. Ekaina eta urria bitarte proiektuaren oinarriak zehaztu dira: parte hartze mekanismoak definitu eta diseinatu dira eta, aldi berean, komunikazio plana eta ekimenak definitu dira.
Abuztua eta urtarrila bitarte diagnostikoa eta ekarpen txostena garatuko da, hau da, garapen jasangarriaren ikuspegitik Zarautzen orain arte egin dena identifikatu eta aztertuko da eta, horrela, egungo Zarautzen argazkia osatuko da. Bi zeregin nagusi egingo dira; lehenik eta behin, informazioa jasoko da: Agenda 21 planaren ebaluazioa, teknikariekin bilerak, datu eta adierazleen tratamendua eta eragileen eta herritarren pertzepzioa jasoko da, diagnostikoa osatzeko. Honekin batera eta diagnostikoa oinarri hartuta, Zarautzek 2030 Agendari eta Garapen Jasangarriko Helburuei egiten dion ekarpen txostena osatuko da.

Otsailetik ekainera bitarte, 2030era begira Zarauzko Jasangarritasun ekintza gidatuko duen Zarautz 2030 Plan Estrategikoa osatuko da.

Lan egiteko modua: parte hartzea oinarri

Zarautz 2030 Plan Estrategikoa osatzeko prozesua parte hartzean oinarrituko da. Gobernantza irekia izango da: parte-hartzea, gardentasuna eta lankidetza; kosorkuntza egingo da herritarrekin; informazio eta parte hartzea irekia izango da.

Zarauzko herriak definituko du nolako herri nahi duen. Lankidetzan. 2030. urtean nahi den Zarautz marraztuko da. Zarauztarron artean eraikia. Horretarako, parte hartzeko gune fisikoak eta gune digitala egokituko dira, eta herritar orok izango du aukera bere ekarpenak egiteko.

Azaroan orain arte egindakoaren inguruko pertzepzioak jasoko dira; abendu-urtarrilean, aldiz, diagnostikoa balioesteko eta aberasteko, eta etorkizuneko lan-ildoak identifikatzeko pertzepzioak jasoko dira; martxoa-apirilean ekintza planeko programak eta ekintzak lehenetsiko dira; maiatzean azken emaitza ezagutu, prozesua baloratu eta planaren jarraipena modu parte-hartzailean nola egin hausnartuko da.

Komunikazioa

Lan teknikoarekin eta parte hartzearekin batera komunikazioa izango da Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren ardatz nagusi. Bi helburu nagusi lortu nahi dira: herritar eta gizarte antolatuak plan estrategikoa bere egitea eta Agenda 2030 zehar lerro bilakatzea herri mailan.

Momentuz, Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren filosofia barne hartzen duen irudi orokorra sortu da. 2030 Agenda eta Zarautz uztartzen dituen irudia.

Zarautz beti itsasora begira dagoen herri bat bezala ikusten da eta, hala da, herria itsasoari begira dago. Baina ikuspegia aldatuz gero, itsasoa herrira begira jarriko genuke. Bat-batean Zarautz oso bat ikusiko litzake, hondartzatik hasten den herria: etxeak, tabernak, dendak, enpresak, eskolak, kaleak beteta, mugimendua, jendea. Herri bizi bat. Herri ilusionante bat. Zarautz.

Zarautz, hortaz, bi ikuspuntu horiek elkartzen dituen topagunea da, herria. Bi begirada dituena, itsasotik eta itsasora. Bien arteko fusio bat. Bi ikuspuntu horien erdigune partekatuan gertatzen da guztia, bi begirada horiek elkartzen diren begi itxurako borobilean.
Horretatik abiatuta, ikuspuntu eta esperientzia ezberdinak batzen dituen erdigune horretatik, etorkizuneko bideari ekiten zaio, guztion artean markatutako norabidea jarraituz, iparrorratzaren laguntzaz, bera baita itsaso zein lurretik norabidea erakusten duen tresna. Berak markatuko du noruntz joan behar dugun. Zein norabidetatik. Eta iparrorratza bilakatu da Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren ikur. Iparrorratzaren borobilean 2030 Agendako koloreak integratu dira.

Norabide egokia eskuratuta, aurrera egiteko momentua da, dagoeneko ez dugu oraingo Zarautzez hitz egiten, etorkizunean nahi dugun Zarautzez ari gara. 17+1 erronkei aurre egin nahi dien herria. Ametsen herria. Ilusiotik egina. Emozioetatik. Sentsazioetatik. Pentsamendu eta jarrera positiboetatik.

Herritarrei bideratutako saio irekia Urriaren 21eko saioa:

Aipatu bezala, datozen hilabetetan jasangarritasunaren arloan 2030 urteari begirako lanketa osatzen ari gara eragile desberdinekin. Baina… Zer da 2030 Agenda? Zeintzuk dira Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH)? Nola eragiten digu? Zerbait egin dezaket nik horietan eragiteko?

Eragileen iritzia eta ekarpenak jasotzeko ezinbestekoa da 2030 Agenda eta honek zehazten dituen 17+1 Garapen Jasangarrirako Helburuak zer diren edo zeri egiten dioten erreferentzia ezagutzea. Hori dela eta, datorren urriaren 21ean arratsaldeko 18:30-19:30 artean  Pleno Aretoan 2030 Agendaren aurkezpen saioa egingo dugu. Saioan bi eratara parte hartu ahal izango da: presentzialki edo online.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude