2021/10/07
Zarauzko Udal ordezkariek Limam Mohamed Ali, Frente Polisarioak EAEn duen ordezkaria, hartu zuten astearte arratsaldean, urriaren 5ean, “Sahara Gara” jardunaldien lehen egunean. Jesus Arana alkateordeak (EAJ-PNV), Patxi Elola (PSE-EE) Lankidetza zinegotziak, Jexux Goikoetxea zinegotziak (EHBildu) eta Asier Oñederra Saharautz elkarteko ordezkariak Udalbatza aretoan hartu zuten ordezkaria. Ondoren, bilera txiki bat egin zuten gaia aztertzeko, eta, gero, Sahara Gara izeneko jardunaldien baitan antolatutako “Sahara 40 urteko exilioa” erakusketa bisitatu zuten.
Jesus Arana alkateordeak ongietorria eman zion Limam Mohamed Aliri: “Ohore handia da gaur zu hemen izatea. Zarautzek oso harreman estua izan du beti Saharako herriarekin eta, alde horretatik, Saharautz elkarteari eskerrak eman nahi dizkiot gure herrian egiten duten lan bikainagatik”. Era berean, Aranak gogorarazi du “eraikin hau oso berezia dela, bi ezaugarri nagusirengatik: alde batetik, ordezkari politikook Zarauzko herritarrak ordezkatzen ditugulako, eta, herritarren izenean, saharar herriari gure elkartasuna adierazi nahi diogulako gaur. Izan ere, herri bat pertsonek osatzen dute, bertan bizi direnek, herri bati bizia eta forma ematen diotenek. Eta gure herriak elkartasuna adierazten dio zuenari, sahararrari. Eta, bestetik, ordezkari politikook alderdi politikoak ordezkatzen ditugulako eta, alderdiok, gai honi dagokionez beti ados gaudelako. Saharar herria defendatzearekin ados gaude, bizi duzuen egoerari, zuen historiari eta injustiziei dagokienez”.
Bestalde, Patxi Elola Lankidetzarako zinegotziak gogorarazi du “Zarautz 1966tik dagoela Aguniarekin senidetuta, eta beti adierazi diola elkartasuna saharar herriari, batez ere orain, bertan bizitzen ari den gerra aurreko egoerari”. Halaber, Sahara Gararen jardunaldiei Ordezkariaren bisitarekin ekitea “ohorea” dela azpimarratu du, eta Sahara Gara elkarteak Oporrak Bakean programaren inguruan egindako lana azpimarratu du. Izan ere, programa horri esker Saharako haurrek Euskadiko harrera familietan udaz gozatzeko aukera izaten dute.
Jexux Goikoetxea zinegotziak ere elkartasunezko hitzak eskaini dizkio ordezkariari, eta 14 eta 15 urteko gazteek izango dituzten topaketen garrantzia azpimarratu du; izan ere, Sahara Gara jardunaldien barruan, Sahararen 40 urteko erbestealdia erakusketa bisitatuko dute, eta “Haizearen Egia” dokumentala ikusi: “Oso garrantzitsua da gazteenganako transmisioa, saharar herriak bizi duen errealitatearen berri izan dezaten eta horri buruz hausnartu dezaten”.
Bestalde, Asier Oñederrak, Saharautz elkarteko ordezkariak, eskerrak eman dizkio Udalari, aurten ere Sahara Gara proiektua aurrera ateratzeko aukera izan dutelako. Era berean, herritarrei eskerrak eman dizkie martxan jartzen dituzten kanpainetan erakusten duten elkartasunagatik, batez ere uda honetan Oporrak Bakean programaren baitan Zarautzera etorri ezin izan diren haurrentzako arropa eta produktuak biltzeko azken kanpainan. Azkenik, Oñederrak jakinarazi du datorren udan Oporrak Bakean aktibatuko dela eta 2010 eta 2014 artean jaiotako haurrek parte hartuko dutela. Interesa duten familiak Saharautz elkartearekin harremanetan jar daitezke informazio gehiago eskuratzeko.
Ekitaldiari amaiera emateko, Limam Mohamed Ali ordezkariak hitza hartu du eta eskerrak eman dizkie Zarauzko herriari, Udalari eta elkarteei urte hauetan Saharako auziari ikusgarritasuna emateko egiten ari diren ahaleginagatik. “Eskerrik asko gu babesteagatik eta laguntzeagatik. Bidezkoa da hori esan eta aitortzea. Jasotzen dugun babes horri esker, munduko elkartasun-mugimendu handienetako bat sortzeko aukera izan dugu, eta asko harrotzen gaitu saharar gisa. Saharar herriak askatasuna eta independentziaren lortu arte jarraituko dugu”.