Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta ospakizunarekin bat eginez, Eraztun Berde Urdina herritarrei eta bisitariei ezagutaraztera emateko egitarau berezia antolatu du Zarauzko Udalaren Ingurumen arloak. Honekin batera, Ozeanoetara gerturatzeko aukera izango da “CIMASUB” Erakusketa eta Itsaspeko Zinema Zikloa.
“Ingurumenaren naziorteko eguna ospatzen da urtero ekainaren 5ean. Aurtengo ideia nagusia ekosistemak berreskuratzea da, hauek baitira bizitzaren oinarrizko unitateak. Gainean daukagun larrialdi klimatikoari aurre egiteko funtsezkoa da biodibertsitatea mantentzea eta horrek esan nahi du ekosistemak zaindu behar ditugula” adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) ingurumen zinegotziak. “Zarautz herri aberatsa da ekosistema desberdinetan: basoak, larreak, hezeguneak, dunak, ibaiak eta itsasoa dauzkagu. Hauek guztiek gure Eraztun Berde Urdina osatzen dute”.
Zarautzen daukagun lur eta uretako ekosistemetan arreta jarrita, adin guztietara egokituriko jarduerak prestatu dira Ingurumenaren Egun guztian zehar, eta guztiak, indarrean dauden osasun neurriak kontuan hartuz antolatu dira: 6-10 urte bitartekoentzat marrazki lehiaketa antolatu da eta, 10 urtetik gorakoentzako argazki eta bideo lehiaketa, bi adin taldetan banatuta, 10-16 eta +16. Adin tarte bakoitzeko irabazleak, sari moduan, hegaztien behaketarako prismatikoak jasoko dituzte.
Marrazkiak, argazkiak eta bideoak formatu digitalean aurkeztuko dira eta e-mail bidez bidali beharko dira zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera. Lanak ekainaren 13a bitartean bidal daitezke. Informazio gehiago aurki dezakezue Eraztun Berde Urdinaren webgunean edota ekainaren 5ean Lege Zaharren plazan kokatuko den informazio gunean, 11:00-14:00etara eta 16:00-20:00etara.
Lagundu EBU hobetzen!
Eraztun Berde Urdinaren inguruan dituzuen ezagutzak erakusteko aukera ere izango da, bai egunean bertan, baita webgune honetan ere.
Ekarpenak bidaltzen dituzten pertsonen artean, hegaztien behaketarako prismatiko parea zozketatuko da.
CIMASUB, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa
Nazioarteko Ingurumenaren Egunarekin bat eginik, Ozeanoak ezagutzeko eta haiengan sortzen ari garen kalteak salatzeko, Itsaspeko Nazioarteko Zine Zikloa, CIMASUB, Zarautzera iritsiko da Udaleko Ingurumen Sailaren eskutik.
Honez gain, Merkatu plazako lehen solairuan CIMASUBera aurkeztutako argazki onenen erakusketaz gozatu ahal izango da ekainaren 9tik 27ra, 18:00etatik 20:00etarako ordutegian. Erakusketa honetako argazkiek munduko itsaspeko hondo guztietatik bidaian eramango gaituzte eta bertako espezie bitxi eta deigarrienak erakutsiko dizkigu.
Programatutako ekitaldi eta proiekzio guztiek doako sarrera izango dute, edukiera bete arte. Modelo Aretoko saioetarako sarrerak txarteldegian hartu ahal izango dira emanaldia hasi baina ordubete lehenago. Publikoaren segurtasuna eta osasuna lehentasunezkoak dira, eta, beraz, ezarritako osasun-arau guztiak bete beharko dira.