Zarauzko Udalak eta herrian errotuta dagoen GOT Orientazio taldeak, herriguneko orientazio kiroleko ibilbide berria egin dute. Modu honetan, aire librean Zarautzen egin daitekeen kirol eskaintza areagotuko da eta orientazioaz gozatzeko aukera izango da.
Orientazio ibilbide iraunkor hau, Zarauzko Eraztun Berde Urdinean kokatuta dago, zehazki Arkamurka ibilbidean, Vista Alegre, Zingira eta Santa Barbara eremuetan. Orientzazio ibilbidea egiteko mapa bat erabili behar da, internet bidez edo turismo bulegoan lortu daitekeena.
Orientazio ibilbide iraunkorra egitea, aire librean egiteko jarduera paregabea da. Parte hartzaileak, bere gaitasunei egokitutako mapa bat eskuratu behar du. Mapa horretan, zehazten dira Zarauzko Eraztun Berde Urdinean zehar bilatu behar diren elementuak, hain zuzen ere, plaka txuri-laranjak, orientazio kiroleko koloreak direnak. Topatuz gero, plakan bertan dagoen letra apuntatu behar da mapan eta Turismo bulegoan entregatu. Maiatza bitartean entregatu direnen artean, opari bat zozketatuko dugu.
Ibon Goikoetxeak, GOTeko kideak azaldu duenez “zailtasun eta luzera ezberdineko 3 ibilbide egongo dira aukeratzeko. Ibilbide guztiak, Turismo Bulegoan hasi eta bukatzen dira. Errazena, ibilbide horia da, Vista Alegreko parkearen inguruko 2 km tako bira bat da eta bilatu beharreko 10 plaka daude. Aukera hau Familian egiteko aproposa da. Ibilbide laranja berriz luzeagoa da, 2,7 Km-ko luzera du, eta 12 plakatxo bilatu behar dira. Gorria, azkenik, luze eta zailena, orientazio kirola ezagutzen dutenei bideratuta dago, 12 plaka bilatu behar dira, eta 3,9 Km-ko bira bat osatzen du”.
Kirola, Eraztun Berde Urdina, orientazio jolasak eta Zarauzko txokoak uztartuz, herriko inguruak ezagutzeko aukera berri bat egongo da hemendik aurrera Zarautzen. Mapak Turismo Bulegoan, GOT Orientazio Taldeko web orrian edota Zarauzko Udalaren web orrian ere lortu ahal izango dira.