2027. URTERAKO ORDENANTZA FISKALAK ETA PREZIO PUBLIKOAK ADOSTU DITU ZARAUZKO UDALAK

2026/09/25

Aste honetan ospaturiko Zarauzko Udalaren ohiko iraileko Udalbatzarrean datorren urteari begira garrantzitsuak izango diren hainbat gai jorratu ziren, esaterako 2027ko ordenantza fiskalak, prezio publikoa eta zerga turistikoa. Ordenantza fiskalei dagokienez, Udalak aurkeztutako proposamena aho batez adostu zen.

Proposamen honen oinarrian ideia sinple bat dago: Zarautzek zerbitzu publiko sendoak behar ditu, baina herritarren ahalegin ekonomikoa neurrizkoa eta bidezkoa izan behar da.

Azken urtean prezioek gora egin dute. Gipuzkoako KPIa %3,7 igo da urte arteko terminoetan. Hala ere, Udal Gobernuak proposatzen duen eguneratze orokorra %2,6koa da, inflazioaren azpitik dagoena. Hau da, Udalaren diru-sarrerak eguneratzen dira, baina herritarrei ez zaie prezioen igoera osoa trasladatzen.

Jesus Arana (EAJ-PNV) zinegotziak adierazi duen moduan, “Ordenantza fiskal hauekin oreka bilatu dugu. Alde batetik, udalaren finantza-iraunkortasuna bermatu behar dugu; bestetik, herritarren egoera ekonomikoa kontuan hartu behar dugu. Uste dugu bi helburuak bateragarriak direla”.

“Baina ordenantza hauek ez dira diru-bilketaz soilik ari. Ordenantza hauetan justizia sozialaren aldeko apustu argia ere badago. Lehen aldiz, familia ugarientzat aurreikusitako hobari fiskalak guraso bakarreko familietara zabaltzea proposatzen dugu. Gure ustez, udal fiskalitateak gizartearen errealitate berrietara egokitu behar du, eta familia-eredu guztiek administrazioaren aitortza eta babesa merezi dute”.

Era berean, hobari horietarako errenta estandarizatu tarteak eguneratzen dira. Helburua argia da: Justizia soziala kontutan izanik, tramoak eguneratu, sistema bidezkoago eta errealago baten alde egiten.

Laburbilduz, proposamen honek hiru helburu uztartzen ditu: udalaren finantza-iraunkortasuna bermatzea, herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatea mantentzea eta babes berezia behar duten kolektiboei laguntzen jarraitzea.

Prezio publikoak

Datorren urteko zerga eta tasekin batera, Udalak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu udal prezio publikoen eguneratzea ere adostu zen Udalbatzan. Zerbitzu hauek kultura, kirola, gazteria, berdintasuna eta udaleku irekien arloetan ematen dira. Onartutako proposamenak bi helburu uztartzen ditu: alde batetik, udal zerbitzuen finantza-oreka mantentzea, eta bestetik, udal zerbitzu horien irisgarritasuna indartzea, bereziki laguntza publikoetara iristen ez diren baina diru-sarrera mugatuak dituzten familien kasuan.

Aranak adierazi duen moduan, “gure ustez proposamen honen alderdirik garrantzitsuena ez dago prezioen eguneratzean bertan, baizik eta hobarien sisteman proposatzen den hobekuntzan”.

Orain arte familia ugariei  eta “tarifa sozialaren” onuradunei aplikatzen zitzaizkien hainbat hobari zabaltzea adostu da, guraso bakarreko familiei ere aplikatzeko baina, gainera, hobarien proposamen berriak, badu bereziki garrantzitsua den osagai sozial bat.

Indarrean sartuko diren hobariek familia-errenta estandarizatua hartuko dute kontuan eta errenta-tarte desberdinak ezartzen dituzte laguntzak modu bidezkoagoan banatzeko. Horrela, udal zerbitzuen erabiltzaile gehiago iritsiko dira hobari horietara, eta prezio publikoek familia askorentzat oztopo ez izaten lagunduko dute.

Zerga turistikoa

Aurtengo berritasunen artean, egonaldi turistikoen gaineko zerga arautuko duen ordenantza fiskala landu da Zarauzko Udalean. Ez da Zarauzko Udalak sortutako zerga bat, baizik eta 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera nahitaez aplikatu beharreko foru-araudi baten garapena.

Zerga honen helburua ez da inor zigortzea. Helburua da turismoak sortzen dituen onurak eta kostuak modu orekatuagoan partekatzea. Izan ere, Zarautzek urte osoan zehar ahalegin handia egiten du garbiketan, mantentze-lanetan, mugikortasunean, segurtasunean, kultur eskaintzan eta espazio publikoen zaintzan, eta zerbitzu horiek bisitariek ere erabiltzen dituzte. Udalak gauzaturiko txosten eta lanketek aurreikusten dute milioi bat euro inguruko diru-bilketa egingo dela.

Diru-bilketa horri esker, udalerriak baliabide gehiago izango ditu espazio publikoak zaintzeko, ondarea babesteko, mugikortasuna hobetzeko eta herritarren bizi-kalitatea indartzeko.

“Adosturiko proposamena ez da mutur batekoa ez bestekoa. Oreka bilatzen duen proposamena da: turismoaren garrantzia aitortzen duena, sektore ekonomikoaren errespetatzen duena, baina aldi berean turismoak udalerriari eragiten dizkion kostuen parte bat modu bidezkoan konpartitzea ahalbidetzen duena. Hori dela eta, proposaturiko zerga tramoetan erdibideko erabaki bat hartu da kasu bakoitzerako, apartamentu eta etxebizitza turistiko turistikoen kasuan izan ezik, hauek gomendatzen ziren  gehieneko zerga ezarriz”, amaitu du zinegotziak.

  • Establezimendu turistikoak:
    • 5* edo kategoria baliokidea -> 5,5 €/egonaldi unitateko
    • 4* edo kategoria baliokidea -> 4,5 €/egonaldi unitateko
    • 3* edo kategoria baliokidea -> 2,5 €/egonaldi unitateko
    • 2* edo kategoria baliokidea -> 1,75 €/egonaldi unitateko
    • 1* edo kategoria baliokidea -> 1,25 €/egonaldi unitateko
    • Pentsioak -> 1,25 €/egonaldi unitateko
    • Apartamentu turistikoak -> 3,5 €/egonaldi unitateko
    • Kanpinak eta kanpatzeko beste modalitateak -> 1,25 €/egonaldi unitateko
    • Nekazaritza-turismoko establezimenduak -> 0,87 €/egonaldi unitateko
    • Landetxeak -> 1,25 €/egonaldi unitateko
    • Aterpetxeak -> 1,25 €/egonaldi unitateko
    • Turismoko beste establezimendu batzuk -> 2,50 €/egonaldi unitateko
  • Erabilera turistikoko etxebizitzak:
    • Osorik alokatutakoak -> 6,50 €/egonaldi unitateko
    • Logelaka alokatutakoak -> 6,50 €/egonaldi unitateko

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude