2025/12/05
Ostegun honetan ospaturiko ez-ohiko Udalbatzarrean Zarauzko Udalak 2026ko aurrekontuei hasierako onespena eman die. Proposamenak EAJ-PNV eta PSE-EE Udal taldeen babesa jaso zuen eta EH Bilduren kontrako bozka. Iker Basurko (EAJ-PNV) Ogasun eta Finantza zinegotziak azaldu duen moduan, “aurrekontu honek azken urteetan egiten ari garen lanari jarraipena ematen dio eta zarauztarren beharrei erantzunak ematen jarraitzen du”.
Honela, datorren urterako, Zarauzko udalak 52.520.029,82 euroko aurrekontua izango du. Zifra hau ezin da 2025. urtekoarekin alderatu, datorren urteari begira, funtzionamenduko eta urteko lehen hilabeteetan gauzatu behar diren inbertsioak gehitzen baititu.
“Aurten Plan ekonomiko-finantzarioak ezarritakoa betetzen jarraitu behar dugu, baina horrek ez du praktikan inolako aldaketarik ekarriko, Udal-gobernuak aurrera jarraitzen baitu bere Legealdi Planeko proiektuekin”, gehitu du Basurkok.
Aurrekontuko partidarik garrantzitsuenak Giza Baliabideen Departamentura (15.047.000 €), Obra, Azpiegitura eta Zerbitzuen Sailera (19.452.220 €) eta Gizarte Zerbitzuen Sailera ( % 37,28) bideratutakoak izango dira aurten ere, eta Gizarte Zerbitzuetako partidak ere garrantzia berezia izango du, ia 4.200.000 €-rekin. Ondoren etorriko lirateke, Herritarren Segurtasuna 2.501.500 €-rekin ( % 4,8) eta Kiroletakoa (2.410.870 €).
Inbertsio estrategikoak
Datorren 2026an, Zarauzko Udalak inbertsio estrategikoak egiten jarraituko du bere zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko. Hurrengo ekitaldirako inbertsio nabarmenen artean daude Santa Klara komentuaren birgaitzea, Zarauzko autobus geltoki berria, Malekoi eta Munoarako Urban Klima proiektua, Astiko kirol instalazioak handitzeko lurren erosketa edo Astiko padel pistak.
“Aurten ere inbertsio garrantzitsuei aurre egiten jarraituko dugu, legegintzaldi honetarako agindutakoa betetzen jarraitzeko. Oraingoz, 11 milioi euro inguru gehitu dira aurrekontuan inbertsioetarako, eta 2025eko ekitaldia itxi ondoren, ikusiko dugu zer gerakin erabil dezakegun inbertsio gehigarriak txertatzeko aurrekontuan, Udalaren finantza-egonkortasuna ahaztu gabe”, jakinarazi du Ogasun eta Finantza zinegotziak.
EAJ-PNV Udal taldeko bozeramaleak, Garbiñe Oiarbidek, adierazi du aurrekontu hauen ezaugarri nagusiak “anbizioa eta zuhurtzia” direla adierazi du. “Anbiziotsua da, zarauztarren gaurko eta biharko beharrei erantzuna emateko apustu sendoak egiten dituelako. Baina apustu horiek ez ditugu nola hala egiten, zuhurtziaz egiten ditugu, Udaleko departamentu guztietan lanketa serio bat egin ondoren, Udalaren gastuak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen”.
“Gure konpromiso estrategikoarekin lerrokatuta dagoen aurrekontua da gainera, 2015etik egiten ari garen lanari jarraipena ematera bideratuta baitago. Zarautz 2030 Plan Estrategikoa ardatz hartuta eta Agintaldi Planean hartutako konpromisoak betetzera bideratuta”, azaldu du Oiarbidek. “Azken hamarkadan egindako lanak emaitzak izan ditu. Gure herriak izan duen hobekuntza orokorrak zarauztarron bizi-kalitatean eragin zuzena izan du eta agintaldiaren amaiera bitartean ere izaten jarraitzeko helburuarekin egindako aurrekontua da hau”.
Inaxio Illarramendi, PSE-EE Udal taldeko bozeramaleak aldiz, pozik agertu da onartutako aurrekontuekin: “Gure departamentuei dagokienez, Ingurumenean, Arboretumaren proiektuarekin amaituko dugu. 2026a zarata-mapa bezalako planak amaitzeko erabili nahi dugu, eta horrekin beharrezko neurriak hartu Zarauzko bizilagunek atsedena eta bizi-kalitatea bermatuta izan ditzaten. Eraztun Berde Urdinak 100.000 euro mantentzen ditu Zarauzko biodibertsitatea babesteko, ingurumen-sentsibilizazioa bultzatzeko eta Santa Barbarako begiratokia lehenbailehen zaharberritzeko”.
Kirol departamentuko inbertsioei dagokionez, “garrantzi handiko bi obra egingo ditugu: Astiko padel pista berriak eta futbol-zelaiaren aldaketa. Horri esker, Zarauzko futbol taldeak behar bezala entrenatu ahal izango dira. Gainera, Zarautz bizitzaz betetzen duten kirol ekitaldien aldeko apustua egiten jarraituko dugu, eta hori beharrezkoa da, ez bakarrik udan, baita denboralditik kanpo ere”.
“Berdintasunerako aurrekontua % 4,7 handitu dugu Emakumeen Etxearentzat. Bultzada horri esker, eremu hori sendotu ahal izango dugu, indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko, emakumeen aurkako diskriminazioa murrizteko eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunean aurrera egiteko”, amaitu du Illarramendik.

