ZARAUZKO UDALAK EMAKUME ZIENTZIALARIAREN LANA AITORTU DU MARTXOAK 8AREN HARIRA

Emakume zientzialariaren lana aitortu du Zarauzko Udalak datorren martxoaren 8aren harira eta horretarako bi ekimen aurkeztu ditu gaurko egunean. Batetik, Vista Alegre auzoko Zingira Basoa Emakume Zientzialariaren Basoa izendatu du eta horretarako basoaren sarreran plaka bat ezarri da, eta bestetik, Zarauzko kaleetan zehar 17 figura ezarri dira zientziaren arloan arrastoa utzi duten 25 emakumeren biografia eta lorpenak azaltzen dituen txartelekin. Ekimen hauen helburua emakumeen lana ikustaraztea eta zientzia arloan egindako ekarpenak aitortzea da.

Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotzia izan da ekimen honi hasiera emateko arduraduna Zarauzko Berdintasun Kontseiluko kideekin batera. Vazquezen hitzetan “tradizionalki emakumeek gizarte zientzietan eta arlo humanistikoan izan dute presentzia eta zientzia eta teknologian aldiz kopurua oso txikia da, %25 ingurukoa”. “Honi buelta emateko garrantzitsua da neska gazteek emakumezko erreferenteak edukitzea ere zientziaren munduan eta horretarako sortu dugu erakusketa hau, herritarrengana irits daitezen emakume hauen lorpenak” gehitu du Parekidetasun zinegotziak.

25 emakume zientzialari hauen artean badira batzuk oso ezagunak direnak, hala nola Rosalind Franklin, eta beste batzuk hain ezagunak ez direnak. Figurak Zarauzko Alde Zaharrean kokaturik daude, zehazki Torre Luzea parkean eta Emakumeen* Etxearen parean eta bertan izango dira datorren aste osoan zehar.

Zarauzko Berdintasun Kontseiluaren eta Parekidetasun departamentuaren elkarlanaren fruitua da ekimen hau. Letizia Eizagirre Kontseiluko kideak azaldu duenez, Mariana artista zumaiarrak egin du figuren diseinua.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude