Zarauzko Udalak, baratzegintza irekiaren proiektuan geroz eta herritar eta kolektibo gehiago integratu, eta proiektua indartzeko asmoz, Donostiako Fundación Goyeneche-ko Zarauzko Garagunera egunero etortzen diren bailarako 11 kideei udal baratza bat utzi dio.
Patxi Elolak (PSE-EE), Lorazaintzako zinegotzi arduradunak azaldu duenez, “Zarauzko udal baratzeen proiektuak hamarkada oso bat bete du jada, eta hasieratik izan du funtsezko helburu bat: Zarautzen bizi diren pertsona guztiei euren esku propioekin barazkiak landatzeko aukera zabaltzea, familiaren kontsumorako. Baratze irekiaren kontzeptuak, itxiturarik ezak, 170 baratzek baratze komunitario handi bat osatzeak, zarauztarrek baratzegintzarekiko duten tradizioa eta zaletasun osasuntsua biltzen ditu”.
Filosofia horri jarraituz, Elolak adierazi du “beharrezkoa” zela aurrerapauso bat ematea eta “baratzeen erabilera are gehiago irekitzea komunitateko pertsona guztiei”. Hala, duela hilabete batzuetatik hona, Caritas eta Donostiako Goyeneche Fundazioa udal proiektu honetara atxikitu dira.
Modu honetara, Zarauzko Garagunera egunero etortzen diren adimen urritasuna duten 11 kideek ingurune komunitario eta inklusibo batean baratzezaintzan hasi eta hau ezagutu ahal izango dute. Udalak beharrezko baliabideak jarri dizkie lanak ondo burutu ahal izateko: otarrak, tresnak… eta, horrez gain, ondoko baratza duen Antonio Morenoren laguntza dute. Honek egiten du baratzean lan gehiena eta Fundación Goyeneche-koak dira ondoren baratza zaindu, ureztatu, belar txarrak kendu, barazkiak jaso eta abar egiten dutenak. Morenok adierazi duenez “poz handia eta satisfakzio pertsonala” ematen dio hauek baratzean lanean ikusteak.
Taldearen monitorea den Arantxak azaldu du jarduera hau oso aberasgarria dela beraientzat. Izan ere, egunean zehar burutzen dituzten jarduerak euren nahi eta beharren araberakoak dira: yoga, dantza, perkusioa, pintxo potea, gipuzkoako herriak ezagutu eta, orain, baratzegintza.
Amaitzeko, Patxi Elolak eskerrak eman nahi izan dizkio Carla Santiagori, Goyeneche Fundazioko Zarauzko Garaguneko arduradunari, proiektu hau bultzatzeagatik eta baratze komunitateko kide izan nahi izateagatik. Antonio Morenorentzat ere esker oneko hitzak izan ditu, bere laguntzarik gabe ezinezkoa izango zatekeen proiektu batean parte hartzeagatik eta laguntzeagatik”.