2024/03/22
Zarauzko Udal Gobernuak datozen urteetarako Agintaldi Plana aurkeztu du. EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek osaturiko Udal Gobernuak 2023-2027 legealdian jarraituko dituen ildo nagusiak zehaztu ditu dokumentu honetan.
“Aurreko Agintaldi amaieran, Zarautz 2030 Plan Estrategikoa onartu genuen. Prozesu zabal eta aberats baten ondoren, herritarrek proposatutako helburuetatik, etorkizuneko Zarautz marraztu genuen. 2023-2027 Agintaldiak, Zarautz XXI mendeko lehen laurdena gaindituta eta 2030aren atarian utziko gaitu. 2023-27 Agintaldirako Plan honek Zarautz 2030eko erronkei erantzuna eman behar die, bai ala bai. Eskerrak eman nahi dizkiet dokumentu hau osatzeko lan egin duten Udal teknikari, langile eta ordezkariei, elkarlana baita Udala Gobernu honen eraginkortasunaren ardatzetako bat”, azaldu du Jesus Arana, EAJ-PNVko bozeramaleak.
Horretarako, agintaldian garatuko diren proiektu eta egitasmoak Zarautz 2030 Plan Estrategikoan zehazten diren 5 lerro estrategikoei erreparatuz osatu da:
1. Etorkizuneko gizarte berdinzale, solidario eta enpatikoa
2. Osasunaren ikuspegi integrala, ongizatearen oinarri.
3. Zarautz herri orekatu eta jasangarria.
4. Jasangarritasuna ardatz duen ekonomia eta guztientzako enplegua.
5. XXI. mendeko gobernantza eredua.
Gloria Vazquez, PSE-EE Udal taldeko bozeramaleak adierazi duenez, “jasangarritasuna ardatz duen Agintaldi Plan hau osatu ahal izateko ezinbestekoa izan den elkarlana eta zeharkako lana azpimarratu nahi ditut. Garapen jasangarrirako behar beharrezkoa da desberdintasunekin amaitzea eta aldaketa klimatikoari aurre egitea, eta honek ‘pentsatu globalki, eta tokian-tokian ekin’ lelopean zeharkakotasunarekin lan egitea eskatzen du”.
“Agintaldi Plan honek”, Aranak azaldu duen moduan, “datozen lau urteetako Gobernu ekintza laburbiltzen du eta, Zarautzek eta zarauztarrok epe laburrean zein luzean izango ditugun erronkei erantzuna ematen saiatuko diren ekintzak eta proiektuak jasotzen ditu. Jasotako gidalerroen artean, hainbat dira erreferentzia egiten zaien arlo eta lan esparruak, hala nola, eskainitako zerbitzuak indartzea, estrategikoak diren azpiegiturak martxan jartzea, herritarren eta Udalaren arteko harremana sendotzea, etab. Datozen urteetarako erreferentzia izango den dokumentu honetan ageri diren egitasmo batzuk jada martxan daude eta, beste asko, berehala abiatuko dira”.