2022/10/06
2013az geroztik zarauztarren esku jartzen du Udalak Sexu Aholkularitza zerbitzua Aitziber Estonba sexologoaren eskutik. Bertara edozein herritar joan daiteke, banaka zein bikote edo taldeka. Bertan kontsultak presentzialki edota telematikoki egin daitezke (korreoz, whatsapp-ez, sare sozialen bitartez…). Pandemia garaian, gainera, Youtubeko kanala ere sortu zen normaltasunetik kanpoko garai hartan gaiari buruzko informazioa zabaltzen jarraitzeko.
Aurrez aurreko zerbitzuak asteartero, 17:00etatik 21:00etara eskaintzen dira Zuberoa kalearen 22. zenbakian dagoen bulegoan. Hitzordua eskatzeko sare sozialen bitartez edota sexuaholkularitza@gmail.com posta elektroniko helbidera idatzi beharko da.
“Konfinamendu garaian zerbitzu hau erabili ahal izateko 16 urtetan zegoen adin muga kendu genuen eta ordutik hona lantzen diren gaiak gero eta anitzagoak dira. Lehen soilik harreman sexualekin loturiko zerbitzua zela zirudien, jendeak hala uste baitzuen. Baina orain, beste hainbat gai ere artatzen ditugu: kasu, gure egoera emozionalarekin loturikoak, guraso bezala heziketan eta sexu hezkuntzan sortzen diren zalantzak, adinak gure sexualitatean dituen aldaketak, bikote harremanetan sortzen diren arazoak, bikoteen banantzearen gaia ere, autoestimua eta identitatearekin lotutako gaiak… Azken finean, pertsonari eragiten dion edozein gaik gure kontsultak tokia du”, azaldu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak.
Zerbitzu hau doako da eta konfidentzialtasun osoa bermatzen da. Erabiltzaileek arreta, entzumena, epaiketa eza, eta batez ere nor bere burua, arazoak, kezkak eta mundua ulertzeko betaurreko berri batzuekin ikusteko aukera izatea baloratzen dute.
Erabiltzaileen datuei erreparatuz, Sexuari dagokionez, kontsulten gehiengoak emakumezkoek (% 57,62) egin dituzte, ondoren gizonezkoen kontsultak (% 27,11) eta azkenik, bikotean egindakoak (% 15,25). Adinari erreparatuz, zerbitzu honen erabiltzaileen artean adin tarte nagusia 31-50 bitartekoa izan da, %39,68 izanik. Dena den, aurten nabarmena izan da 14-18 urte bitarteko gazteen kontsultaren igoera (%28,57). Oraingo honetan helduenak izan dira gutxien galdetu dutenak, baina 19-30 urte bitarteko taldean ere igoera nabarmena egon da (%25,39).
Landutako gaien inguruan, gehien aipatu direnak bikote harremanak izan dira (% 44,82), afektibitatearen ikuspuntutik landuta. Jarraian sexu heziketaren inguruko gaiak (% 27,5) eta ondoren sexu harremanak (% 15,51).
Urte guzti hauetan Sexu Aholkularitzak sortu duen Sexkulari programa ere esanguratsua da. Erlo telebistarekin elkarlanean, sexualitatearen inguruko hainbat gai jorratu dira 30 bideo-programetan zehar. Hurrengoa haurtzaroan jasotzen diren sexu abusuei buruzkoa izango da. Datuen arabera, gaur egun 4 pertsonatik 1ek haurtzaroan sexu abusuak jaso dituztela diote adituek, % 75a neskak izanik. “Oso larria da eta gaiari heldu behar diogu, are gehiago, oraindik gutxi hitz egiten delako arazo honen inguruan. Gure haurrei eragiten die, guztiz zaurgarriak direnak eta bere burua defendatzeko eta laguntza eskatzeko aukera gutxiago izanik, ahaztu gabe, horien artean bereziki desgaitasunaren bat duten haurrek direla sufritzen dituztela abusuak”, gehitu du Vazquezek.
Zarauzko ikastetxeetan ere sexualitatearekin erlazioa daukaten hezkidetza programak ere garatzen dira, parekidetasun departamentuak antolatuta eta Harremanak elkarteak bideratuta. Irakasleen balorazioa oso ona da. Ikastetxe guztietan garatzen da hezkidetza programa hau eta maila guztiei eskaintzen zaie, LH1etik Batxilergora arte, bai eta lanbide heziketan. Lantzen diren gaiak ikasleen adinera moldatuta daude eta, aurten, berrikuntza bezala, autodefentsa feministaren gaia gehitu da, Batxilergoan lantzeko.
Bestalde, anbulategian eskaintzen diren erditze aurreko ikastaroetan eta erditu ondorengo zerbitzuetan ere parte hartzen du Udaleko Sexu Aholkularitza zerbitzu honek, emakume eta gizonezkoen bizitzako garai honetan sor daitezkeen kezka eta zalantzekin laguntzeko.
“Zerbitzu guzti hauek esleipen berean sartu izana onuragarria da, hain zuzen ere, enpresa berbera izanik, komunikazioa errazagoa suertzatzen delako kontsulta eta ikastetxeen artean. Horrela, irakasleek aukera daukate Aitziberren laguntza edukitzeko ikastetxean sexualitatearen inguruan arazoren bat somatzen badute ikasleengan. Oso zerbitzu lagungarria da zarauztarrontzat eta etekin handia ateratzen diogu. Sexualitatea gure bizitzaren arlo oso inportantea izanik, gutxi hitz egiten da oraindik, modu osasuntsuan eta naturaltasunez. Hori bultzatzeko asmoz, iaz liburuxka bat sortu genuen, gaztetxoei eta beren familiei zuzenduta. LHko 5 eta 6 mailetan banandu genuen eta aurten berriro banaketa egingo dugu”, amaitu du Parekidetasun zinegotziak.