BERDINTASUN SAILAK NERABEZAROAN IZATEN DIREN ALDAKETEI BURUZKO GIDA BAT BANATU DU IKASTETXEETAN

2022/12/22

Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailak, bigarren urtez jarraian, “Heldu Bilakatzearen Abentura” izeneko liburuxkaren 650 ale banatu ditu Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailetan Zarauzko ikasgela guztietan

“Liburutxo honen helburu nagusia familia barruan sexualitateari buruzko elkarrizketa errazteko tresna izatea da. Gustatuko litzaiguke gurasoek liburutxo honetaz beren seme-alabekin gozatu ahal izatea, elkarrekin irakurriz”, azaldu du Gloria Vazquezek (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak. “Sexualitateari buruzko elkarrizketa hasteko aitzakia izatea nahi dugu. Gai horrek tabua izaten jarraitzen du etxe askotan, eta beste batzuetan hanka-puntetan pasatzen da. Aldi berean, beren gorputzetan sumatzen hasi diren aldaketak ulertzeko aukera emango die. Irakasleek oso positibotzat jo dute, eta adierazi digute oso beharrezkoa dela horrelako materialak edukitzea”.

Edukia Aitziber Estonba sexologoak landu du, Aholkularitza Sexologikoko arduradunak, eta Berdintasun Sailarekin kontrastatu du, hizkera atsegin eta hurbilarekin. Ilustrazioak, berriz, Irrimarrak egin ditu, Irene Iruretak eta Karmele Gorroñok osatua. Emaitza oso dokumentu atsegina da, eta, aldi berean, oso zorrotza, nerabezaroko gorputz-aldaketei, sentimenduei eta zalantzaz betetzen dituzten gorabeherei naturaltasun osoarekin heltzen diena. Aniztasunaren aintzatespenean ere eragiten du, denok desberdinak garelako eta gorputz guztiak ederrak direlako. Liburuak proposatzen duen bibliografiaren bidez gaia ikertzen jarraitzeko gonbita egiten du.

“Espero dugu liburuxka hau Gabonetan familian gozatzea eta era guztietako elkarrizketak eta galderak piztea. Bestalde, gogoratu zuen eskura daukazuela aholkularitza sexologikoko zerbitzua. Liburuak berak gonbidatzen zaituzte zuen zalantzak argitzera Berdintasun Sailaren zerbitzu honen bitartez”, gehitu du Vazquezek.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude